Jai giroa nabari da Aulestin, Santa Eufemi jaiak haster baitaude
Bi asteburuz jai giroagaz gozatuko dute aulestiarrek. Barikua kontzertuen gaua izanik, apustu berezia egin dute; estilo ezberdinetako saioak eskainiz.
Iraileko hitzordu ukaezin bilakatu da urteen poderioz eta, urtez urte egindako lanari esker, indartsu jarraitzen dute Aulestiko Santa Eufemi jaiek. Aurten, Santa Eufemi eguna zapatua izanik, errepikapena irailaren 22an eta 24an ospatuko dituzte. Bi asteburuz jai giroa nagusituko da Aulestin.
Adin guztientzako gozagarri izateko asmoz, egitarau oparoa prestatu dute Aulestiko Udalak eta jai batzordeak. “Dena prest daukagu jaiei heltzeko, gogotsu gaude eta baita eguraldiari begira ere, iragarpenak dioena betetzen bada, asteburu ederrak edukiko ditugu aurretik”, adierazi dute Eli Azpiazu eta Ainara Aranburu Udaleko Kultur zinegotziek.
Ohi legez, tradizio bilakatu diren ekimenak mantentzearen alde egin dute, hala nola, ermitara igoera, bola topaketa eta txapel jaurtiketa. Baina bada eskaintzen artean berritasunik ere: “Ekintza asko urtero egiten ditugunak dira, tradizio baitira jada. Baina, aurten, aldaketa nabarmen bategaz gatoz, rock gaua izan ohi dena, kontzertuen gaua bilakatu dugu. Estilo bakar batera mugatu beharrean, hainbat musika estilo batu ditugu gau berean, hala nola, rocka, erromeria eta DJa”. Horrez gain, janariari dagokionez ere, ahalik eta eskaintza zabalena emate aldera, aukera berri bat sartu dute txosnetako ogitartekoetan; aukera beganoa eskainiko dute.
Tradizioari jarraituz, mezagaz hasiko dute bihar Santa Eufemia Eguna. Gero, ume eta gazteek bola eta txapel jaurtiketan aritzeko aukera edukiko dute. Azken orduko aldaketak direla-eta egitarauan agertzen ez den arren, Aulestiko Udalak elkarretaratzea deitu du udal legearen ebazpenaren kontra, Erantzunik gogorrena, euskaraz egitea lelopean, azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioagaz bat eginez; 13:30ean batuko dira.
Arratsaldean, berriz, 32. Hiru Txirlo bola joko txapelketako finalak lehiatuko dituzte. “Aurten egunez aldatu da bola jokoa, domeketan izan ohi da, eta aurten zapatura aldatzean, Bizkaiko txapelketagaz bat egin du”. 18:00etan helduen txanda izango da txapel jaurtiketari dagokionez. Gauean, musikaren unea izango da: Luhartz erromeriagaz gozatzeko aukera egongo da. Horrez gain, egitarauan agertzen ez den barritasun bat ere egongo da: DJ AntFactory.
Lehenengo asteburuan jai giroa ziurtatuta, datorren asteburuko ekimenei begira geratuko dira aulestiarrak, ez baita gelditzeko tarterik egongo. Barikuan (irailak 22) inguruko herritarrek egutegian zehaztuta daukaten eguna da: kontzertuen gaua. 22:30ean hasita, oholtza izango da protagonista. Hiru musika estilo guztiz ezberdin; Hilbera taldea, Oxabi erromeria eta DJ Latxironga.
Domekan ere meza egingo dute eta, gero, elkarretaratzera deitu du Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak, Euskal Preso Politikoen eskubideen alde lelopean. Egitarauko plater nagusietako bat edukiko dute 13:30ean: 42. Ermitara Igoera. Iaz 23 parte hartzaile egon ziren, eta gaur gaurkoz inork ezin izan du Julen Aranguenak 2005ean ezarritako 03.52ko denbora hobetu. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan sari berak izaten dituzte: irabazleak 90 euro eta txapela, bigarrenak 75 euro, hirugarrenak 60 euro, laugarrenak 45 euro eta bosgarrenak 30 euro. «Aurreko marka gainditzen duenak 60 euroko saria jasoko du».
Ostean, 33. Irrintzi Txapelketa abiatuko da. Irabazleari 85 euro eta txapela emango dizkiote, bigarrenari 70 euro eta hirugarrenari 45 euro. Arratsaldean, berriz, hitzordu berezia izango dute goiko zelaian: Olaia Intziarteren kontzertua. Intziarteren kontzertuari indar berezia eman diote, orain arte egin duten ekitaldiari jarraipena emateko: «Pandemia ostetik estilo honetako kontzertuak antolatzen hasita geunden, kontzertu lasaiagoak, Santa Eufemi behealdean dagoen pagadian. Anari eta Gariren kontzertuak eskaini dituzte, eta bide hori mantendu egin dugu».
Irailak 16:
– 10:00. Meza, ermitan.
– 11:00. Ume eta gaztetxoentzako bola topaketa.
– 12:00. Meza, goiko zelaian.
– 12:00. Poniak, goiko zelaian.
– 13:30. Udal legearen ebazpenaren kontrako elkarretaratzea, Erantzunik gogorrena, euskaraz egitea lelopean.
– 15:00. Ume eta gaztetxoentzako txapel jaurtiketa.
– 16:00. Bizkaiko 32.Hiru Txirlo bola joko txapelketako finala.
– 18:00. Nagusientzako txapel jaurtiketa.
– 22:00. Erromeria: Luhartz taldea, plazan.
*Oharra: 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxi egingo da.
Irailak 22:
– 22:30. Musika ekitaldia: Hilbera eta Oxabi.
– Ondoren. DJ Latxirongak.
Irailak 24:
– 10:00. Meza, ermitan.
– 12:45. Elkarretaratzea zelaian, Euskal preso politikoen eskubideen alde, Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak antolatuta.
– 13:30. 42. Ermitara Igoera.
– 14:00. 33. Irrintzi Txapelketa.
– 18:00. Olaia Intziarteren kontzertua.
*Oharra: 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxi egingo da.