Uretako jolasek eta sokamuturrek zirraraz bete dute Piñastei Eguna
Portu eremua mahoi eta arrantzale zapiz bete da egun osoan, galbaixoen azken aurreko eguna tradizioari eutsiz ospatzeko.
Zirrara. Emozioa. Txirristarak. Korrikaldiak. Hori eta askoz gehiago ekarri ditu gaur [irailak 16] Piñastei Egunak Mutrikura. Arrantzale jantziak soinean, goizean goizetik mahoizko jantziek eta arrantzale zapiek hartu dituzte herriko kaleak eta portua.
Goizean, ohitura denez, sardina erreak dastatu ahal izan dituzte portura joan direnek, Aizabia elkarteko kideen eskutik. Umeek jolasteko aukera izan dute eta jubilatuek hamaiketako ederra egin ahal izan dute.
Bazkalostean, kukaña eta txirristan aritu dira ume, gazte eta helduak. Kresaletan blai eginda amaitu dute guztiek. Txirristan aritzeko ilara luzeak egon dira, baina aurpegi irribartsuak ikusita, merezi izan du itxaroten egoteak.
Sokamutur jendetsuak. Mutrikuko jaiak ezin dira ulertu sokamuturrik gabe, eta baten faltan, bi egon dira gaur, eguerdian eta arratsaldean. Portua ondo hesituta, jendetza batu da parte hartzaileen korrikaldiak gertutik ikustera. Susto bat baino gehiago ere pasa du batek baino gehiagok. Ikusleek txaloz eskertu diete betizuen aurrean erakutsi duten ausardia eta trebezia.