Aurtengoan ere arrakastatsuak izan dira 35. Ziortzako Kontzertuak
Lau eguneko egitarauaren ostean, domekan [irailak 17] 250 lagunetik gora elkartu ziren Ziortzako Monasterioan. Lea-Artibaiko udalekin lotura gehiago eduki nahiko luketela adierazi dute.
Bigarren asteburuan ere jendez gainezka egon da Ziortzako Monasterioa, batez ere domekan [irailak 17], Daniel Oiarzabalen organo kontzertua entzuten. Duela urtebete hasi ziren domekako meza nagusiaren ostean organo kontzertuak eskaintzen, eta iaz baino arrakastatsuagoak izan dira aurten: «Gero eta jende gehiago etortzen da eta jende guztia oso pozik geratu da».
Hala ere, pandemiaren eragina oraindik ere nabaritzen dute antolatzaileek, eta ikus-entzuleek ohitura batzuk galdu egin dituztela uste dute: «Hala ere, aurtengo programazioa oso ona izan da. Ziortzan entzun diren kontzertuak inguruan ezin dira entzun, hemen entzuteko aproposak dira. Horrek ere programazioan bere arrakasta eduki du eta jende asko batu da».
Domekan [irailak 17] Juan Antxieta konpositore eta abade azpeitiarrari omenaldia egin zioten, eta «programa guztiz berezia» izan zela adierazi dute Ziortzako Kontzertuak Kultur Elkarteko kideek: «Elkarte bezala ikusten genuen bazegoela Antxietari zerbait egiteko gogoa, eta bazeuden proposamenak». Hori aurrera ateratzeko Andoni Sierra zuzendari donostiarragaz hitz egin, eta programa berezi bat antolatu zuten Ziortzan egiteko: «Oraintxe betetzen dira 500 urte zendu zenetik, eta musikari oso garrantzitsua izan zen XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran. Polifonista oso trebea izan zen, eta Ziortzan eskainitako kontzertua ere oso ona izan zen».
Igandekoak ez ezik, gainontzeko kontzertu guztiak ere «oso bereziak» izan direla eta jendea «oso pozik» irten dela azpimarratu dute antolatzaileek. Zapatuan [irailak 16] esaterako, Propitia Sydera Orkestrak eman zuen kontzertua, Roberta Mameli italiar soprano ospetsuagaz.
Aurreko domekan, hilaren 10ean, berriz, Yasuko Uyama Boubard aritu zen organoa jotzen meza nagusiaren ostean, eta arratsaldean, Le Grand Chapelleren kontzertua egon zen: «Diska grabatu zuten Ziortzan. Euria zela eta, euriaren zarata soinuan sartzen zen, baina azkenean konpontzea lortu genuen eta ondo joan zen hori ere». 2024an aterako dela aurreikusten dute antolatzaileek, Sebastian Duron konpositorearen obrekin egindako diska.
35. Ziortzako Kontzertuei hasiera Les Sacqueboutiers talde frantsesak eman zion, hilaren 9an: «Eskaini zuten musikagaz oso gustura geratu zen jendea. Lan asko egin behar da horrelako ekimen bat antolatzeko, ez da soilik talde bat aukeratu eta kontzertua eskaintzea. Kontakizun bat egin nahi izaten dugu, eskaini nahi dugun musika mota kontuan hartuz». Sei kontzertu guztiz ezberdin eskaini dituzte lau egunetan, XIV. mendetik hasi eta XVII. menderaino: «Batzuetan dirudi musika mota antzekoak direla, baina kontzertu batetik bestera 400 urteko aldea egon daiteke. Instrumentu desberdinak, kantatzeko modu desberdina, ahotsaren erabilera desberdina, polifonia desberdinak… Hori polita da jendearentzat, eta denok ikasten dugu zerbait kontzertuetatik».
Hutsunea. Inguruko herrietako jendea ez ezik, Bilbotik eta Donostiatik ere ohitura dute autobusez etortzeko. Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dute Lea-Artibaiko herriekin lotura gehiago eduki nahiko luketela: «Uste dut Lea-Artibaiko erakundeek gehiago parte-hartu beharko luketela, eta ez soilik dirua jartzeko, baizik eta programan, beraiena ere izan dadin». Aurtengoa antolatzeko ezinbesteko bidelagun izan dituzte Bizkaiko Foru Aldundia, BBK Fundazioa, Barandiaran Fundazioa eta Ziortza-Bolibarko Udala: «Beraien laguntza eta inplikazioari esker programa hau antolatu ahal izan dugulako».