Iazko parte hartzaile kopurua gainditu nahi du Ondarru-Lekitto lasterketak
Izena emateko epea eguenean [irailak 21] amaituko da. Lasterketa zapatuan [irailak 23] da.
Gero eta gutxiago falta da beste urte batez, eta dagoeneko 7 urte dira, Ondarroa eta Lekeitio batzen dituen kostaldeko lasterketarako. Zapatuan [irailak 23] bi herrietako korrikalariek bakarrik ez, eta eskualdeko hainbat herritarrek osatuko dute 16 kilometroko ibilbidea. Hain zuzen ere, azken egunak dira izena emateko, eguenean [irailak 21] amaituko baita epea.
Gaur arte 180 pertsonak zeukaten izena emanda. Gehiengo kopurua 250 pertsonakoa izanik, beste 70 pertsonak eman dezakete izena. 20 euro balio ditu izen emateak.
17:00etan jarri dute hitzordua Ondarroa eta Lekeitio lotzen dituen 16 kilometroko bidea osatzeko: Ondarroako Itsasaurretik abiatuko da lasterketa eta lehen bi kilometroak herriko kaleetatik egingo dituzte, kostaldeko errepidetik Mendexa eta Berriatuko zonaldeak pasako dituzte eta ibilbideko azken kilometro eta erdia Lekeitioko herrigunean egingo dute, Independentzia plazan amaituko da.
Urtero legez, lehen hiru gizonentzako eta lehen hiru emakumeentzako sariak banatuko dituzte; irabazleentzako txapela, garaikurra eta 250 euro, bigarrenarentzako garaikurra eta 150 euro eta hirugarrenarentzako garaikurra eta 75 euro.