Lea-Artibaiko Klasikoak Lekeitialde-Silloniz elkartearen 50 urteak omenduko ditu
Domekan [irailak 24] Lea-Artibaiko errepideak zeharkatuko dituzte, Lekeitioko plazatik hasita. Argazkien erakusketa zabaldu dute kultur etxean.
Lasterketa Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteek antolatu dute elkarlanean. Hori bai, Lekeitialde-Sillonizen 50 urteak ospatzeko balioko du, Lekeitioko kirol talderik zaharrena. Izena emateko epea oraindik zabalik dago eta barikuan [irailak 22] amaituko da. Federatuentzako 30 euroko prezioa du eta ez daudenentzako 35 euro. “Ausartu, animatu eta etorri. Horrela Bizkaiko ekialdean kokatuta dagoen Lea-Artibai eskualdea ezagutu, ukitu, ikusi, usaindu, dastatu eta gozatzeko aukera paregabea izango duzu”, adierazi dute antolatzaileek.
Domekan [irailak 24] 08:30ean aterako dira Lekeitioko plazatik eta bertan ere emango diote amaiera. Ibilbidean Lea-Artibaiko herriak zeharkatuko dituzte. Horretarako, bi ibilbide antolatu dituzte. Ibilbide laburrak 73 kilometro luze ditu eta 1.250 metroko desnibel positiboa. Beste alde batetik, ibilbide luzeak 129 kilometro luze ditu eta 2.100 metroko desnibel positiboa. “Lea-Artibai Klasikako ibilbideak 2023ko Frantziako Tourrak lehen eta hirugarren etapetan igaroko dituen zatiak ditu, aukera paregabea munduko txirrindulari onenek igarotako errepideetatik ibiltzeko”.
Horrez gain, esan dutenez, parte hartzaileek ibilbidea amaitzen dutenean, jan-edana izango dute Lekeitioko Independentzia plazan. “Eskualdeko jaki goxoekin prestatutako pintxoak egongo dira indarrak berreskuratzeko eta eskualdeko produktu ezberdinekin osatutako saskiak zozketatuko dira”, aurreratu dute.
“Lan handia egin dugu argazkiak alde batetik eta bestetik batzen“
Askoz gehiago. Lea-Artibai Klasikoa Lekeition hasi eta amaitzea Lekeitialde-Silloniz txirrindulari elkartearen 50. urteurreneko beste ospakizun bat besterik ez da. Hain zuzen ere, atzo [irailak 18] hasi zen herriko kultur etxeko erakusketa aretoan azken 50 urteko argazki zaharren erakusketa. Aste guztian egon da ikusgai 18:00etatik 20:00etara egunero eta zapatuan goizez ere 11:30etik 13:30era.
“Lan handia egin dugu argazkiak alde batetik eta bestetik batzen, Santa Katalinako lehendabiziko lasterketetatik, umeen eskoletara edota afizionatuen lasterketara arteko argazkiak daude”. 50 urte askotarako ematen baitute. Erakusketaren irekierak erantzun “bikaina eta polita” izan duela esan dute eta hurrengo egunetan herritar asko hurbiltzea espero dute.
Lea-Artibai Klasikoagaz batera, Lekeitialde-Sillonez elkarteak bestelako ekimen bat antolatu du domekarako. Txirrundulari elkarteko nagusienentzako, beste batzuk ibilbidea egingo dutelako, ibilaldi labur bat egingo dute 11:30etik aurrera. Independentzia Plazatik aterako dira eta Santa Katalinara arte joango dira, bertako oroitzapenak gogoratzeko asmoz.