Ekintza txikiekin eragitearen garrantzia azpimarratuz dator Asteklima
"Herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea" helburu duen asteagaz bat egin dute Aulestin, Markina-Xemeinen eta Mutrikun.
Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lemapean dator aurten ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea. Irailaren 22tik urriaren 1era bitartean, hainbat eta hainbat herritako txokoak ehunka jardueraz beteko dira klima aldaketa euskal herritarren agendan jartzeko, eta doakoak dira gehienak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez, bultzatutako ekimena da Asteklima, eta herritarrak “beharrezko trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea” du helburu.
Laugarren urtez antolatu dute Asteklima, eta berritasun nabarmena izango du aurten. Ihobek, EEEk, Udalsarea 2030ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuak sustatuta, klimaren aldeko ekintzari buruz sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko asmoz, Asteklima Azoka hartuko dute bederatzi udalerrik: Bilbok, Donostiak, Gasteizek, Bermeok, Trapagaranek, Bakiok, Irunek, Zarautzek eta Azpeitiak.
Bestalde, tailerrak eta erakusketak, hitzaldiak, antzerkiak, escape room-ak, kontu-kontalariak, bisita gidatuak eta bideo- eta argazki-lehiaketak… eskainiko dituzte herriz herri. Adibidez, Markina-Xemeingo Udalak bi jardunaldi informatibo antolatu ditu herriko Barrizar energia zerbitzuen kooperatibarekin batera: “Aholkularitza energetikoa eskainiko zaie bertaratzen direnei. Egun bizi dugun energia-egoera aldakorraren eta prezioen igoeraren aurrean, herritarrek dituzten zalantzak argituko dira. Faktura elektrikoak aztertu eta laguntza desberdinen inguruko informazioa ere eskainiko da. Saio irekiak izango dira biak”. Lehenengoa Beti Jai elkartearen egoitzan egingo da, eta bigarrena kalean.
Bestalde, irailaren 27an, komunitate energetiko bat zer den, zertarako den eta herritarrentzat dituen abantailak jorratuko dituzte eta , parte-hartzaileek ideiak elkarbanatu eta zalantzak argitu ahalko dituzte.
Aulestin, ostera, energia berriztagarriak zer diren, zer motatakoak izan daitekeen, zer abantaila eskaintzen dituzten eta eguneroko bizitzan nola erabil daitezkeen lantzeko saioa egingo dute Urregarai eskolan.
Hala, energia berriztagarri mota bat bertatik bertara ezagutzeko aukera ere egongo da berton; izan ere, beste behin, Mutrikuko olatuen energiaren instalazioetara bisita gidatuak eskainiko dituzte. 2011ko uztailean inauguratu zuten: “Mutrikuko olatu planta olatuen energia aprobetxatzen duen Europa osoko lehenengo planta komertziala da”.
EGITARAUAK:
AULESTI:
- Irailak 28, eguena.
- 10:00. Energia berriztagarriei buruzko saioa eskolako umeentzat, Urregarai eskolan, EZE Barrizarren eskutik.
- 18:00. Komunitate energetikoen garapena Aulestiko plan integratuan hitzaldia, udal aretoan.
MARKINA-XEMEIN:
- Irailak 27, eguaztena.
- 16:30. Energia egoera aldakorrari eta prezioen igoerei buruzko jardunaldi informatiboa, Energi Zerbitzuen Kooperatiba (EZE) Barrizarren eskutik, jubilatuen lokalean.
- 18:30. Komunitate energetiko baten sorkuntzari buruzko hitzaldia, osoko bilkuren aretoan, EZE Barrizarren eskutik.
- Irailak 28, eguena.
- 11:30. Energia egoera aldakorrari eta prezioen igoerei buruzko jardunaldi informatiboa, EZE Barrizarren eskutik, jubilatuen lokalean.
MUTRIKU:
- Barikua, irailak 22.
- 10:00. Mutrikuko olatuen energiaren instalazioa ikusteko bisitaldia, gaztelaniaz. Mutrikuko portuko igerileku zaharrean batuko dira.
- 11:00. Mutrikuko olatuen energiaren instalazioa ikusteko bisitaldia, euskaraz. Mutrikuko portuko igerileku zaharrean batuko dira.