19. Kameratoian izena emateko epea, zabalik
Urriaren 20tik 22ra izango da aurten, eta urriaren 18ra arte eman ahalko da izena.
Badator aurtengoan ere Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya Lekeitiora. Urriaren 20tik 22ra Lekeitioko kaleak gazte sortzailez beteko dira. 18 eta 26 urte bitarteko gazteek zabalik dute jada izena emateko aukera, Kameratoiaren webgunean, urriaren 18ra bitarte.
Aurten Estibaliz Urresola izango da gazteen lanak epaituko dituena, 20.000 especies de abejas filmaren zuzendaria. Urresolagaz batera, Aitzol Saratxaga zuzendari bilbotarra ere epaile lanetan arituko da. Gainera, urriaren 20an, Asier Renteria soinu ekoizleak doako formazio saioa emango die parte hartzaileei, Lekeitioko Kultur Etxean, lehiaketa hasi aurretik. Ostean, gazteek 36 ordutan landu beharko duten gaia aurkeztuko du Urresolak. Domeka eguerdira arte edukiko dute denbora lanak egin eta aurkezteko.
Egunean bertan jakinaraziko dituzte irabazleak, 16:30ean, Ikusgarri Zineman. Lanik onenak 800 euroko saria irabaziko du, eta bigarrenak, aldiz, 350 eurokoa. Horrez gain, biek DemaSA lehiaketan parte hartuko dute. Publikoaren saria ere banatuko dute, film laburrak ikustera bertaratzen direnen artean erabakiko dutena.
Gaua, doan. Euskal Herriko txoko guztietako gazteak joaten dira Lekeitiora Kameratoian parte hartzera. Hori dela eta, egonaldi gastuekin laguntzeko asmoz, antolatzaileek izena ematen duten lehen 20 partaideei urriaren 20ko gaua doan eskainiko diete.
Trinkete Aterpetxean egonaldia eta gosaria eskainiko dituzte, eta modu honetara, talde guztia gela bakarrean egon ahalko da: «Honela film laburra egiteaz baino ez dira arduratu beharko hurrengo 36 orduetan».