Igoera Herrikoien Ligaren bigarren proba izango da Santa Eufemiako igoera
42. Ermitara Igoera lehiatuko dute domeka honetan [irailak 24], 13:30etik aurrera.
Arrolape Mendi Klubak lehenengoz antolatu du aurten Igoera Herrikoien Liga, tokian tokiko lasterketen antolatzaileekin. Bost hilabeteren buruan, abuztutik abendura, bost probak osatuko dute: Lapatzako Igoera (Natxitu), Santa Eufemi Igoera (Aulesti), San Migel Igoera (Ereño), Aixerrota Igoera (Gernika) eta Kaltzadan Gora (Elantxobe).
Aulestiko 42. Ermitara Igoera domeka honetan [irailak 24] lehiatuko dute, 13:30etik aurrera.
Abuztuaren 15ean lehiatu zuten lehenengo proba, Natxituan: Lapatzako Igoera Julen Beaskoetxea Memoriala. 38 korrikalarik burutu zuten lasterketa, eta Aitor Ajuria otxandiarrak eta Alluitz de Bilbao kortezubitarrak irabazi zuten. 7 minutu, 54 segundo eta 57 ehunenetan amaitu zuen lasterketa Ajuriak, eta 11 minutu eta 8 segundotan Bilbaok. Gizonezkoen sailkapenean, Yassine Bih mungiarrak eta Imanol Goñi natxituarrak denbora bera egin zuten: 8.12. Emakumezkoetan, berriz, Izaro Aranburu aulestiarra sailkatu zen bigarren (11.19) eta Raluka Ungureanu bermeotarra hirugarren (11.19).
Jarraipena bermatzea. Besteren artean, herrietako bolondresei, “merezi duten errekonozimendua” adierazteko helburua dauka ligak, horiei esker herrietako igoeren jarraipena bermatzen dela uste baitute. Igoera herrikoein “biziraupena bermatu” nahi dute, eta era berean, “herritik sortutako eta historiadun lasterketa hauek babestea, eta ezagutaraztea”.
Proba gehienak, tokian tokiko jaien egitarau barruko lasterketak dira. Hain zuzen ere, antolatzaileen berbetan, “jai giroan kirola uztartzea dute helburu, ondo pasatzeko eredu gisa jarriz”, eta lehia baino, parte-hartzea bultzatu nahi dute. “Nahiz eta lehia tonu baten aurkezten diren igoera herrikoiak, jai giroa eta parte hartzaileen arteko konplizitatea gailendu behar dira ekitaldi guztian, hori baita igoera herrikoien xarma”.
Lasterketa herrikoi bakoitzeko kategoria absolutua izango da sailkapen orokorrerako puntuagarria izango dena, eta gizon eta emakumeen sailkapena bereiziko da. “Adin tarte zabal bati” zuzenduriko probak direla esan dute Arrolape Mendi Klubeko kideek: “Korrikalari bakoitzaren erritmoaren araberako erronkak dira igoerak, eta, ligako sailkapen orokorrean parte hartu nahi duen edonork, probetan parte hartu beharko du”. Behar izanez gero, ibilbideak egokituko dituztela azaldu dute, umeentzat igoerak laburtuz edo bestelako formatuen proposamenekin: “Txikienei ez zaie sailkapenik ezarriko, denborarik hartuko, kirol inklusiboa helburu”.
Parte-hartzaileek nahi dituzten probetan parte hartu dezakete, sailkapen orokorrerako bost probetatik “lau onenak hartuko” dituzte: “Hala ere, finisherra izateko lasterketa guztietan parte hartu beharko da. Sailkapen orokorrean puntu berdinketa baldin badago, posturik onena duena jarriko da aurretik eta hor ere berdinketa baldin badago, lasterketa gehien egin dituena jarriko da aurretik”.
- 1. proba: Lapatzako Igoera (Natxitua), abuztuaren 15ean.
- Lasterketa: 1,9km eta +174m desnibela
- 2. proba: Santa Eufemi Igoera (Aulesti), irailaren 24an.
- Lasterketa: 700m eta +120m desnibela
- 3. proba: San Migel Igoera (Ereño), urriaren 1ean.
- Lasterketa: 1,8km eta +200m desnibela
- 4. proba: Aixerrota Igoera (Gernika-Lumo), azaroaren 11n.
- Lasterketa: 2,5km eta +270m desnibela
- 5. proba: Kaltzadan Gora (Elantxobe), abenduaren 6an.
- Lasterketa: 1,2km eta +210m desnibela