Senegaldar jaiak hartuko du Ondarroa
Zapatua [irailak 23] 14:30ean Senegaldar bazkariagaz emango diote hasiera jaiari.
Hogei urte baino igaro dira lehenengo aldiz Senegaldar Jaia Ondarroan ospatu zenetik, zehazki, Bizkaia mailan egindako lehenengo Senegaldar jaia izan zen. Zapatuan [irailak 23] berriro hartuko du Ondarroak bizikidetzaren erakusgarri den ospakizun eguna.
Asociacion Senegaleses Pueblo de Bassoul en Euskadi elkarteak Ondarroako Udalarekin elkarlanean bultzatutako ekimenak Itsasaurre izango du jaiaren erdigune. Eguerdian hasiko da jai giroa, hain zuzen ere, urtero 200 lagunetik gora batzen dituen Senegalgo herri bazkariagaz; inguruko herrietako jendeak bate egiten du urtez urtez.
Arratsaldean, berriz, Senegaldar borroka ikusteko aukera egongo da Arrigorri hondartzan. Jada urte batzuk dira antolatzeari utzi ziotena, baina, aurten, berreskuratu egin dute. Ostean, ohi legez, musikaren unea ailegatuko da eta Sidy Sambaren kontzertua izango da Itsasaurren jai giroa jartzeko arduraduna.
Laguntza. Jai giroan murgiltzeko aukera izateaz gain, laguntza emateko aukera ere egongo da zapatuan, zehazki, Bassoulen eraikitzen ari diren ospitale berri baten eraikuntzarako ekarpen ekonomikoak egiteko aukera egongo baita. Hortaz, elkarlaguntza eta bizikidetza oinarri dituen jaira hurbiltzeko deia egiten dute antolatzaileek.
EGITARAUA
- 14:30. Senegalgo herri bazkaria, Itsasaurren.
- 17:30. Senegaldar borroka, Arrigorri hondartzan.
- 20:30. Sidy Sambaren kontzertua, Itsasaurren.