X. Tontorramendiko igoeragaz hasiko da Ondarroako Mendi Hilabetea
Zapatuan [irailak 23] hasi eta urriaren 29ra bitartean, hitzaldiak, bideo emanaldiak eta irteerak tartekatuko dira.
Aurrera Mendi Taldeak antolatuta I. Mendi Hilabeteari hasiera emango diote zapatuan [irailak 23]. Urteroko ekimena izan ohi da Mendi Astea, baina aurten, egitaraua zabaldu eta irailaren 23tik urriaren 29ra arte luzatuko den hilabete osoko egitaraua aurkeztu du mendi taldeak. “Azkenengo urteetan mendi astea bezala ezagutu diren mendiari buruzko jardunaldiak datoz. Aurtengoa aldaketa batzuekin; bost asteburutan egongo baitira ekintzak”.
Hamargarren urteurrenagaz datorren Tontorramendiko X. Igoerarekin emango diote hasiera jardunaldiei. Zapatuan [irailak 23], 12:00etan Gaztetxe aurretik hasiko da bi kilometroko igoera (385 metroko desnibelagaz). Urteurrenaren berezitasuna dela eta, bide berriak zabaldu dituzte, hortaz, berritasunak eskainiko ditu aurtengo igoerak. Izena ematea egunean bertan egingo da 10:30etik aurrera.
Irailaren 30an, berriz, ekimen berri bati helduko diote: I. Baraikuko Daunjil Frestail jaitsiera. 11:00etan abiatuko dira Baraikuko antenatik eta ahalik eta azkarren jaistea izango da probaren helburua, parte hartzaile bakoitzak erabakiko du nola jaitsi. “Goitik beherako proba da, guk parte hartzaileak kronometratuko ditugu, nola jaitsi bakoitzaren kontua izango da. Gu bizikletan edo korrika joango gara”.
Hurrengo hitzordua Ekaitz Maiz eskalatzaile eta alpinistaren hitzaldia izango da, hain zuzen ere Pamir 2021. Harria eta izotza lana ikusteko aukera egongo da, eta ondoren Maizekin solasaldia.
Urriaren 20an, 19:00etan, berriz, Aitor Ajuria eta Ainara Urrutia mendi korrikalarien hitzaldiagaz gozatzeko aukera egongo da. Ajuria eta Urrutia, biak ala biak, Euskal Selekziogaz lehiatzen duten korrikalariak dira eta azken urteetan hamaika lorpen pilatu dituzte. Urriaren 21ean, tradizioari helduz, urteroko ekimena egingo dute, Finalista Eguna; Alamedatik hasi eta Madalenarako ibilbidea osatuta.
Mendi hilabetea borobiltzeko asmoz, azken hitzordua Arbideko II.Bloke Txapelketa Herrikoia izango da: lehenengo txapelketak harrera ezin hobea izan zuen herritarren artean. Aurrera Mendi Taldetik ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dute: “Animatu ekintzetan parte hartzera”.
EGITARAUA
- Irailak 23. X. Tontorramendiko igoera, 12:00etan, Gaztetxetik hasita. Antolatzaileak: Ondarruko Gazte Asanblada eta Aurrera Mendi Taldea.
- Irailak 30. I. Baraiku Daunjil Friestail, 11:00etan.
- Urriak 13. Ekaitz Maizen ‘Pamir 2021, Harria eta izotza’ bideo emanaldia eta hitzaldia, 19:30ean, Kofradia Zaharrean.
- Urriak 20. Ainara Urrutia eta Aitor Ajuria mendi korrikalarien hitzaldia, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
- Urriak 21. Finalista Eguna, 08:30ean, Alamedatik hasita Madalenara mendi ibilbidea.
- Urriak 29. Arbideko II. Bloke Txapelketa herrikoia, Arbide Eskalada Taldeak antolatuta.