Eguzkik erakundeen inplikazioa eskatu du landare inbaditzaileen arazoaren aurrrean
Erakundeen inplikazioa eskatu dute. Lea-Artibai eta Mutriku inguruetan landare inbaditzaileen presentzia nabarmena dela azaldu dute, bereziki, panpa belarra.
Eguzki Talde Ekologistak landare inbaditzaileen presentziak duen larritasunaren berri eman eta arazoaren aurrean erakundeen inplikazioa eskatu du: “Behingoz erakundeak inplikatzea eskatzen dugu, espezieak paraje berriak kolonizatzen jarraitzen baitu geldiezin”.
Auzolana oinarri landare kolonizatzaileak kentzeko ekimena egin zuten irailaren 14an, zehazki, panpako belarrak kentzeko. “Nahiz eta hamarnaka eta hamarnaka gandor kendu genituen eta landare gazte ugari errotik atera, ekintza sinbolikotzat jo liteke. Landaketa asko baitaude eta asko iristeko zailak baitira”.
Ekintza sinbolikotzat jo duten arren egoeraren larritasuna ikusaraztea izan da helburu nagusia: “Auzolan honen arrazoi nagusia izan da gaia komunikabideetan ateratzen saiatzea, gizartea kontzientziatzen saiatuz, eta, aldi berean, udalek, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza izurrite hori tratatzeko erabiltzen ari diren pasibotasuna kritikatzea”. Eguzkik 2010ean mozioak aurkeztu zituen Lea Artibaiko eta Mutrikuko Udalen inplikazioa eskatzeko, baina herri batzuetan onartu zen arren, “ez da ia ezer egin”.
Lea-Artibai eta Mutriku inguruetan landare inbaditzaileen presentzia nabarmena dela azaldu dute eta legearen arabera debekatuta dagoela: “Legearen arabera debekatuta dago aleak edukitzea, garraiatzea eta trafikatzea. Era berean, erakunde arduradunek jabeak behartu ditzakete beren lurretan egon daitezkeen aleak desagerraraztera”.
Hortaz, inplikazioa eskatzen dute: “Denbora aurka doanez, ale kopurua esponentzialki hazten da eta zenbat eta beranduago desagerrarazi orduan eta garestiagoa izango da”. Landareari aurre egin behar zaiola zehaztu dute, hain zuzen ere, haren bizi-zikloa kontuan hartuta eta “galarazi egin behar da lumadunak abuztuan zabaltzea, bertan baitaude haziak”.
Horretarako modu bakarra dagoela zehaztu dute, erauzketak. “Sustraiak barne hartzen dituen erauzketa zailen bidez edo arriskutsu eta kutsatzaile plagiziden bidez baino ezin dira akabatu”. Talde ekologista diren aldetik, interesa duten instituzioekin eta lurren jabeekin lankidetzan aritzeko prestutasuna agertu dute: “Emaitzak nahi baditugu, denok lagundu behar dugula landare hau eta beste espezie inbaditzaile batzuk desagerrarazteko”.