Eskolaz kanpoko ekintzetarako boluntario bila dago Amankomunazgoa
Aukerak Suspertzen programa komunitariorako bolondresak behar dituzte.
Aukerak suspertzen programa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren 2018-2022ko familiei laguntzeko erakunde arteko IV. Planaren parte da. “Euskal erakunde publikoekin lankidetzan eta, beste ekimen publiko zein hirugarren sektoreagaz elkarlanean, tokiko sare komunitarioa aktibatuz desabantaila sozialen dauden haur eta nerabeei eskolaz kanpoko hezkuntza laguntza eskaintzen die”, azaldu dute.
Lea-Artibai Amankomunazgoko Gizarte Zerbitzuen sailak egiten du balorazioa. “Gizarte desabantaila egoeran dauden haur eta nerabeei eskolaz kanpoko hezkuntza-laguntza ematera bideratuta dago Eusko Jaurlaritzak babestutako programa hau”. Informazioa nahi dutenentzako aukeraksuspertzen@agintzari.eus posta elektronikoa eta 688 76 54 05 telefonoa jarri dituzte eskuragarri.
Lehen eta Bigarren Hezkunzako umeentzat dago bideratuta, “aurretik oinarrizko gizarte zerbitzuekin identifikatuak izan direnak”. Horrez gain, baliabide digitalak edota konektagarritasun gabeziak eraginda edo beharrezko gaitasunak garatzeko laguntza ez izateak, hezkuntza prozesuagaz jarraitzeko zailtasun handiagoa erakusten duten umeei dago bideratuta programa.
Eskolaz kanpoko laguntza aurrez aurre zein online egin dezakete. “Eskolako lanak egitera, gaitasun digitalean edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dauden beharrak asetzera bibderatuta dago”. Gainera, “modu osagarrian” familiekin egiten dute lan seme-alabei laguntzeko gaitasunak garatuz. Azkenik, beharrezko materiala emango zaie, ordenagailuak, adibidez.