Aurtengo Senegaldarren jaia ere, aparteko giroan
Eguraldia lagun, ezin hobeto ospatu dute Senegaldarren jaia Ondarroan. Ondarroako senegaldarrak ez ezik, Durangokoak, Berriatukoak, Mutrikukoak eta Lekeitiokoak ere joan dira bertara.

Lea-Artibaiko eta inguruko herrietako senegaldarrentzat berezia izaten da urtero ospatzen duten Senegaldarren jaia. 2004an lehenengoz ospatu zutenetik, pandemiak soilik geldiarazi ditu. Aurtengoan, herenegun [irailak 21] egin zituzten erosketak, eta bazkariaren prestaketekin hasi ziren boluntarioak. Gaur [irailak 23] portuko lonja batean azken ukituak eman, eta ezin bazkari ederragoa jateko aukera eduki dute bazkaltzera joan direnek. Urtero bezala, Thiebou Dien eta Thiebou Xap jan dituzte, hau da, arroza arrainagaz eta arroza okelagaz.
Asociacion Senegaleses Pueblo de Bassoul en Euskadi elkarteak Ondarroako Udalarekin elkarlanean antolatu du jai hau, eta elkarteko Moussa Thior presidenteak azpimarratu du oso jai berezia dela beraientzat: “Gure herriarekiko dugun sentimendua ezin dugu egunero erakutsi, eta horregatik, gaurkoa egun handia da guretzat”. Ondarroako senegaldarrak ez ezik, Durangokoak, Berriatukoak, Mutrikukoak eta Lekeitiokoak ere elkartu dira Ondarroan.
Bai Ondarroako Udalak eta baita Moussa Hithior eta gainontzeko elkarteko kideek ere, emakumeen isilpeko lana goraipatu dute: “Beraiek gabe gaur ez ginateke hemen bazkaltzen egongo. Eskerrik asko eta gora emakumeak!”. Horrez gain, Luc Andre Diouf Senegalgo kontsula ere bertan egon da, eta Ondarroako Udalak Zubi Zaharraren eskultura bat eman dio Dioufi, oroigarri modura: “Zubi Zaharra ibaiaren bi ertzak batzeko eraiki zen. Eskultura hau gure kulturak batzeko ikur izan dadin eman nahi dizugu”.
Esker hitz eta aipamenen ostean, guztiek elkarrekin bazkaldu , eta ostean, senegaldar borrokak egin dituzte Arrigorri hondartzan. Egunagaz amaitzeko, Sidy Sambaren kontzertua egongo da, Itsasaurren, 20:30ean.













































