Joseba Diazek eta Idoia Nogalesek irabazi dute VII. Ondarru-Lekitto lasterketa
Joseba Diaz korrikalari azkoitiarrak aurrea hartu die gainontzeko parte hartzaileei hasieratik, baina ezin izan du iazko marka gainditu. Lea-Artibaiko azkarrenak aldiz, Nahia Ibarzabal eta Haritz Garate izan dira.

Ezin eguraldi aproposagoagaz aritu dira gaur [irailak 23] korrikalariak Ondarru-Lekitto lasterketan. Aurtengoan 219 korrikalarik eman dute izena lasterketan, iaz baino 33 gehiagok. Horietatik, 34 izan dira emakumeak. Hala ere, helmugarainoko bidea 195ek amaitu dute. Joseba Diaz azkoitiarra heldu da azkarren helmugara, 00.49.44ko markagaz. Ezin izan du iaz Abdellah Taghrafetek jarritako marka gainditu (00.50.22). Hala ere, hasiera hasieratik hartu die Diazek aurrea gainontzeko partaide guztiei, eta halaxe egin du Ondarroatik Lekeitiorainoko ibilbide guztia. Emakumeetan lehenengoa, berriz, Idoia Nogales debarra izan da, 01:04:05eko denboran osatu du ibilbidea. Gizonezkoetan bigarrena, iaz bezala, Brahim el Asri izan da (00.51.06), eta hirugarrena, Amets Aranbarri (00.52.32).Â
Emakumezkoetan berriz, bigarrena Nahia Ibarzabal izan da (01:08:57). Ibarzabal izan da hain zuzen ere, Lea-Artibaiko emakumerik azkarrena. Sailkapen orokorreko hirugarren emakume azkarrena Olatz Manuel Ezenarro izan da, 01.10.23ko markagaz.Â
Lea-Artibaiko bigarren emakumerik onena Alaitz Kortabitarte izan da, eta Ibarzabal baino zertxobait gehiago behar izan du helmugara iristeko (01.14.11). Atzetik, minutu baten gorabeheran, Larraitz Torrontegi iritsi da helmugara (01.15.45). Gizonezkoetan berriz, Antton Belaustegik (00.52.48), Haritz Garatek (00.52.49) eta Julen Etxebarriak (00.53.39) osatu dute podiuma.
Aurtengoan ere, iaz bezala, Lekeitioko korrikalariek eskuratu dituzte taldekako sariak: Haritz Garate, Antton Belaustegi, Aner Larreategi eta Alejandro Astaburuagak gizonezkoetan eta Alaitz Kortabitarte, Andere Ogando, Maite Astoreka eta Izaskun Roblesek emakumezkoetan.
Sari horiez gain, orain arteko Ondarru-Lekitto lasterketa guztietan parte hartu duten korrikalariek ere sari berezia eskuratu dute. Horrez gain, aurten lehenengoz fisioterapia zerbitzua egon da helmugan, nahi izan duenarentzat.
Sariak banatzen aritu dira, besteak beste, Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea, Joseba Gojenola Berriatuko alkatea, Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Ibon Bergara Ondarroako zinegotzia, Mikel Urkia Markina-Xemeingo zinegotzia, Leire Markuerkiaga Lea-Artibaiko Amankomunazgoko presidentea, Ainhoa Onaindia Gizaburuagako zinegotzia, Asier Arrizabalaga Amorotoko alkatea eta Eneko Atxa Danobateko ordezkaria.Â
Giro ezin hobea egon da aurten ere Ondarru-Lekitto lasterketan. Iazko markarik gainditu ez badute ere, korrikalariak pozik geratu dira lortutako emaitzekin.



















































































































































































































