Jendetza batu da Galbaixotarren Egunean
Antolatzaileak oso pozik agertu dira jendeak emandako babesarekin: "Oso pozik gaude izandako erantzunarekin, egun zoragarria izan zen".
Eguraldia lagunik izanik, Galbaixo gainera joatea plan erakargarria bilakatu zen atzo [irailak 24]. Galbaixo Jaien azken txanpari heldu eta jendetza batu zen Galbaixotarren Egunean: “Oso pozik gaude izandako erantzunarekin, egun zoragarria izan zen. Jende asko igo baitzen Galbaixora goizetik eta ilunabarrera arte giro ederra egon zen, hori oso pozgarria da guretzat”.
Ohi bezala goiza hiru auzotan hildakoen aldeko mezarekin hasi zuten. Ondoren, jai giroari bide eman zioten. Gure Ametsa dantza taldeko kideek giro aparta ezarri zuten auzoan eta jende asko hurbildu zen: “Ikuskizun zoragarria izan zen”.
Eguneko ezustekoa izan zen argazki zaharren erakusketaren arrakasta. “Uste baino erakargarriago izan zen jendearentzat. Auzotarrek interes handia erakutsi zuten, eta asko izan ziren argazkiei buruzko datuak eman zituztenak”. Eguerdian, ohi legez, mahai giroan batu ziren auzotarrak: “Bazkarian batu ginen talde handi bat elkarrekin mahai inguruan aritzeko”.
Arratsaldean, berriz, Julen Magoaren txanda izan zen eta ikusleek ez zuten hutsik egin; guraso eta ume asko hurbildu ziren. “Julen magoa bikain egon zen, ordu beteko ikuskizun oso polita eskaini zuen. Pozgarria izan zen hainbeste jende ikustea”. Entzierroa ere izan zuten Azkenetxetik Galbaixoko plazara arte eta “umeek gozatu egin zuten”.
III. Bola Txapelketak ere arrakasta esanguratsua izan zuen. 40 parte hartzaile batu ziren eta iazko irabazleak jantzi zuen txapela: Bittor Astigarraga. Eguna txokolate janarekin eta zozketaren irabazleak izendatuz amaitu zuten:
- 1. Saria: 1. 576 Ordezkoa: 3.264
- 2. Saria: 1.993 Ordezkoa: 3.121