Uemak ikerketa lerroa "indartuko" du agintaldi honetan
Martin Aramendi da Uemaren lehendakaria eta zuzendaritza batzordean daude Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea, Irati Urberuaga Aulestiko alkatea eta Idoia Odriozola Etxebarriko zinegotzia
2023-2027 agintaldiko lehen Batzar Nagusian, Martin Aramendi Arana Ataungo alkatea (EH Bildu) hautatu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari, zapatuan [irailak 23], eta zuzendaritza batzorde ordezkariak ere aukeratu zituzten, “udal hauteskundeetako emaitzen arabera alderdiei dagokien ordezkaritza eta lurraldetasuna kontuan hartuta”. Alderdiek adostasunez aurkeztutako zerrenda aho batez onartu zuten Batzar Nagusian.
Irune Urbieta Alberdi Zarauzko zinegotzia (EAJ) da lehendakariordea, eta zuzendaritza batzordean daude Irati Urberuaga Aranguena Aulestiko alkatea (EH Bildu), Idoia Odriozola Arruti Etxebarriako zinegotzia (EAJ)eta Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkatea (EH Bildu).
Gaur gaurkoz, 101 udalerri dira Uemako kide–305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute–. Datozen hilabeteotan Uemara sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dute izaten agintaldi berriko ardatzak, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenekin batera.
Ueman dauden bertoko udalerriak: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio,
Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar
Lehendakaritzan lekukoa hartuta, kargua ilusioz eta lanerako gogoz hartu duela adierazi du Aramendik, “Uema euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua delako”, eta pauso berrien garaia dela azpimarratu du: “Euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”. Hala, aurrera egiteko alderdien, erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela gogoratu zuen.
Uemak dauzkan erronka berriak aipatu zituen: “Uema asko aldatu da azken urteetan eta udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko”. Horretarako, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla azaldu zuen: “Ezinbestean ikerketa-lerroa izango da Uemak agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko. Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko egitasmoak lantzea eta herrietan errotzea izango da hurrengo urteotan euskararentzat herritar berriak eta esparru berriak irabazteko giltzarrietako bat”.
UEMAren zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateak eta zinegotziak:
- Lehendakaria: Martin Aramendi Arana (Ataungo alkatea. EH Bildu).
- Lehendakariordea: Irune Urbieta Alberdi (Zarauzko zinegotzia. EAJ).
- Iratxe Lasa Arana (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu).
- Idoia Odriozola Arruti (Etxebarriako zinegotzia. EAJ).
- Irati Urberuaga Aranguena (Aulestiko alkatea. EH Bildu).
- Dabid Anaut Peña (Leitzako alkatea. EH Bildu).
- Eneko Fernandez Maritxalar (Lesakako zinegotzia. EH Bildu).
- Ainara Ipiñazar Miranda (Igorreko zinegotzia. EAJ).
- Aitor Larrañaga Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu).
- Asier Mingo Arruabarrena (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu).
- Larraitz Alkorta Aizpurua (Asteasuko zinegotzia. Independentea).