Debabarrenan zentro teknologiko bat egitea proposatu du EH Bilduk
Industria 4.0ren aldeko apustua egitea "beharrezkoa eta ezinbestekoa" dela adierazi dute. Proposatutako zentro berria Debabarrena suspertzeko plan estrategikoaren oinarri izan behar dela nabarmenduz.
EH Bilduk ikerketa eta prestakuntzarako zentro teknologiko bat sortzea proposatu du Debabarrena suspertzeko ponentzian eta 25 eta 30 milioi euro arteko inbertsioa egitea eskatu du, industria aurreratuen artean eskualdea puntan egoteko asmoz.
Legebiltzarrean 62 zuzenketa aurkeztu ditu alderdiak Debabarrena sozioekonomikoki suspertzeko ponentziaren irizpena hotzeko. “Eskualdeko eragileen iritziak, kezkak eta ekarpenak entzun eta aztertu ostean, ponentzia buruak osatutako proposamena oso motz eta zehaztapenik gabe geratzen da”, azaldu du Ibai Iriarte legebiltzarkideak.
Debabarrenan Industria 4.0ren aldeko apustua egitea “beharrezkoa eta ezinbestekoa” dela adierazi dute. “Debabarrena eskualde industriala da eta eremu horretan puntan jarraitu nahi badu, horrek aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen dituelako, erreferente izan behar du industria aurreratuan”.
Argudioa ardatz hartuta zentro teknologiko bat sortzea proposatu du EH Bilduk. “Elgoibarko IMG Institutuak aurkezturiko proiektuaren ildotik, zentroak bere garaian IMG sortu moduan, aurrea hartu behar die datozen garaiei, makina erremintaren sektorean ezagutza eta zerbitzu aurreratuak eskaintzeko bidean, esku hartze publiko pribatuaz, eskualdeko ehun industrialaren sustatzaile bilakatzeko”.
“Ponentzia talde guztiok argi ikusi dugu Debabarrena sozioekonomikokoki biziberritzeko erakunde arteko plan estrategiko bat behar dela”
Plan estrategikoa. Proposatutako zentro berria Debabarrena suspertzeko plan estrategikoaren oinarri izan behar dela nabarmendu dute. “Ponentzia talde guztiok argi ikusi dugu Debabarrena sozioekonomikokoki biziberritzeko erakunde arteko plan estrategiko bat behar dela, baina hausnarketa generiko horretan zehaztasunak falta dira epeei eta finantziazioari dagokionez. Hori zehaztu nahi dugu zuzenketen bitartez. Proposatu dugu Debabarrenako Garapen Agentziak har dezala plana diseinatzeko eta garatzeko ardura eta 10 hilabeteko epean aurkez dezala, 25 eta 30 miloi euro arteko inbertsio lerroak zehaztuz”.
Horrez gain, plan estrategikoak garraio publikoari dagokionez hobekuntzak behar dituela adierazi eta proposamenak luzatu dituzte; tartean, Ermua-Deba tranbia zerbitzua 10-15 minutuko maiztasunarekin egotea eta bidegorri sareak bukatzea, adibidez, Deba-Elgoibar artean.