Elantxobe eta Lekeitio artean jokatuko da Euskadiko Itsas-Kayak Txapelketa
Domekan [urriak 1] lehiatuko da Lekeitioko Dzanga taldeak antolatutako 9. txapelketa.
Lekeitioko piragua taldeak Euskadiko Kanoe Federakuntzaren elkarlanagaz antolatu du 2023ko Euskadiko Txapelketa. Parte hartzaileek Elantxobe eta Lekeitio arteko 13 kilometroak egin beharko dituzte. K-1 eta K-2 ontziekin lehiatuko dute emakume zein gizonek, betiere kadetetik aurrerakoak. 11:30ean aterako dira ontzi tradizionalekoak, 11:45ean gazteenak eta 12:00eta nagusiak. Antolatzaileen arabera, lasterketaren iraupena 3 ordukoa izango da.
Azaldu dutenez, izena eman daiteke oraindik 10 euroren truke, plaza mugatuak daude. Hori bai, Elantxobera joateko autobus eta atoi zerbitzua nahi dutenek 5 euro gehiago ordaindu behar dituzte. Parte hartzaile guztiek bisera bat jasoko dute, baina lehendabiziko 18 ontziek bakarrik puntuatuko dute. Bakarkako Euskadiko Txapelketaz gain, taldekakoa ere hartuko du Lekeitiok.