Lekeitioko Urpeko Taldeak portuko itsas hondoa garbituko du
Joan den astean eguraldi txarragatik atzeratu behar izan zuten, baina azkenean zapatuan [irailak 30] egingo dute.
Lekeitioko Urpeko Taldeak Dzanga piragua taldearen eta Lekeitioko Udalaren laguntzagaz herriko portuko itsaso hondoa garbituko du zapatuan [irailak 30] 10:00etatik 12:30era. Ekimena IX. Hondartzen eta itsas hondoen Nazioarteko Garbiketa Handiaren barruan kokatzen da. Hain zuzen ere, Urpeko Taldeak urtero egiten duen ekintza da, eta normalean San Antolin jaietako Antzar Egunaren osteko zaborra garbitzeko erabiltzen dute. “Gure helburua plastikoak, botilak, latak eta portuko hondoko zaborrak biltzea da”, azaldu dute.
Baina garbiketa askoz haratago doa, helburu are eta handiago bat jarraitzen dute: “Asmoa gizartea ahalik eta gehien kontzientziatzea da, itsasoko fondoa eta fauna gizakiok sortzen dugun zaborretik babestu ahal izateko”. Joan de astean ziren egitekoa garbiketa, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuten eta astebete atzeratu. “Olatu handiak zeuden, itsasoa nahasi zegoen eta horrek ikusmena askoz murrizten du, oso gutxi ikusi ahal zen”. Zapatuan, berriz, eguraldia lagun izango dute, “primerako” iragarpena dagoela esan dute, zeruan zein itsasoan.
Iaz 18 urpekarik parte hartu zuten eta guztira 186 kilo zabor bildu zituzten. Denetarik aurkitu zuten ohiko edari latez gain, hiru gurpil edota supermerkatuko karro bat atera zuten itsasotik.