Mikel Agirre: "Esperientziarik politenetakoa izan da, ingurukoen babesagatik"
Mikel Agirre ondarrutarrak Mutriku Sokatira Taldean hasi zuen bere ibilbidea. Herri kiroletara hurbiltzen hasi zen eta modalitate ezberdinak probatu ondoren, pentatloian dabil azken aldian.
Herri kirolen modalitate ezberdinetan ikusi zaitugu, baina azkenaldian pentatloian aritu zara, zergatik?
Mutriku Sokatira Taldean hasi nintzen, eta herri kirolen mundura bideratu nintzen, gauza desberdinak probatu ostean aizkolari bezala sartu nintzen buru belarri, gustuko nuelako. Baina egia da, kirol guztiak ditudala gustuko, hortaz, gauzak probatzen hasi nintzen. Prestakuntzari dagokionez ere, erronka oso polita iruditu zitzaidan.
Irailaren 9an, Azpeitian, lehenengo mailako finalerako kanporaketa lehiatu zenuen.
Nolakoa izan zen?
Tolosan egin nuen lehenengoa eta, ostean, lan kontuengatik hiru hilabete Alemanian igaro nituen. Hortaz, zalantzan egon nintzen proba hori egiteko gai izango nintzen edo ez. Baina ingurukoen bultzadak lagunduta joatea erabaki nuen, eta hilabete batez prestakuntza lanetan ibili ondoren, plazaratu egin nintzen.
Proiektu batean murgilduta nabil: Mutrikuko nesken Sokatira Taldean.
Zein da hurrengo helburua?
Bizkaian bigarren mailan lehiatuko dut abenduan, maila onarekin heltzea finkatu dut helburu bezala. Horrez gain, abenduaren 21ean trontza txapelketa lehiatuko da, eta urtero prestatu izan naiz, hortaz, aurten ere begi artean daukat. Helburu indibidualez gain, beste proiektu batean murgilduta nabil: Mutrikuko nesken sokatira taldean. Marije Ituarterekin batera aritzen naiz prestaketan laguntzen. Proiektu polita da, eta neskak animatzea nahi dugu, talde polita daukagu eta interesa duena hurbiltzea dugu helburu.
Lehian aritu zaren plaza guztietan inguruan duzun lagun eta familiaren babesa agerian geratu da.
Pila bat jende etorri zen Azpeitira, eta beste askok ezin izan zuten. Atzetik laguntzen egoten diren asko eta asko plazan zeuden. Plazak lanak bakarkako lana dirudien arren, atzetik lan talde handia dago, egunerokotasunean laguntza ematen dizutenak; korrika egiteko, nola zauden galdetzeko. Hau da, laguntza eta bultzada emateko. Pentatloia prestatzea nire bizitzako esperientziarik politenetako bat izan da, ingurukoen babesagatik.
Asteburuan ilobarekin ikusi zaitugu herri kirol erakustaldia ematen. Herri kirolekiko lotura familiatik errotuta duzuen zerbait al da?
‘Izan zirelako gara eta garelako izango dira’, diote, ezta? Ilobak herri kirolak probatzera animatzen hasi dira, eta gustuko dute. Aita ere herri kiroletatik dator, eta betidanik ikusi izan dute, eta osaba ikustean ere bai… Animatu egin da, eta nirekin entrenatzen du, hor gabiltza biok, burubelarri.
Errekonozimendu polita da gure inguruan gutaz oroitzea.
Azken urteetan San Jeronimoko erakustaldian ikusi zaitugu. Leku berezia da zuretzat?
Oso berezia da niretzat, etxean moduan sentitzen naiz. Nire koinatua eta familia bertakoak dira, eta gustu handiz joaten naiz urtero. Gainera, guretzat errekonozimendu polita da gure inguruan gutaz oroitzea.