Umeen Arrantza Lehiaketa jendetsua izango da aurten ere
Arrigorri Itsas Arrantza Elkarteak antolatuta, zapatuan [irailak 30] egingo dute 23. Umeen Arrantza Lehiaketa. 14:00etan udaletxeko plazan elkartuko dira. Lehiaketa hasi aurretik bokatak, ura, amuak… banatuko dizkiete parte hartzaileei.
4-14 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta, momentuz, herriko ikastetxeetako 286 ikaslek izena eman dute. Ikastetxeetatik kanpoko umeek eta gaztetxoek egunean bertan plazan izena eman ahalko dute, lehiaketa hasi aurretik.
Zubibarritik Barrapuntaraino ariko dira arrantzan. Baldintzei dagokienez, amuekin arrantzatu beharko dute, 10 zm-tik gorako arrainak hartu beharko dituzte, eta ezingo da lazunik arrantzatu. Arrigorri Itsas Arrantza Elkartekoek gogoratu dutenez, hasieran, parte-hartzaileei makila bana emango zaie arrainak neurtzeko, eta iaz erabaki zuten arrainen gutxieneko tamaina 7 zm-tatik 10 zm-ra aldatzea.
Ohi legez, lehiaketa amaituta, Herribixikoak egongo dira ekitaldia girotzeko. Kontaketaren ostean, arrain pisutsuena daukana sarituko dute, eta baita arrain gehien arrantzatzen dituztenak ere; hain zuzen ere, 4-8 urte bitartean arrain gehien hartzen dituenak saria jasoko du, eta baita 9-14 urte bitartean arrain gehien dauzkanak ere. Baina, aurrekoetan bezala, oraingoan ere inor ez da esku hutsik joango, “denentzako zerbait egongo baita”, eta, horrekin batera, 4 urtekoen artean zoketa ere egingo dute.
“Herri osoa” batzen duen ekitaldia izaten da arrantza lehiaketa, giro ederrean, ume, gaztetxo, guraso, aitite-amama… herritar asko elkartzen dira, arrantzak herrian izan duen eta izan baduen garrantzia belaunaldiz belaunaldi transmititu denaren isla. Aurten ere eguraldia lagun izanda, herritarrek gogotsu parte hartzea eta giro ederra izatea espero dute antolatzaleek, eta laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkiete.