Iñigo Larrinaga: "Beti esaten dut: niri klubak familia bat eman dit, bizitzeko modu bat"
15 urtegaz debutatu zuenetik, Iñigo Larrinagak bere onena eman du ‘Antiguako Ama’ traineruan. 25 urteren ostean, aurtengoa izan da bere azkenengo denboraldia.
Agur esatea askotan ez da erraza izaten, eta are gutxiago bertan familia bat duzula sentitzen baduzu. Ondarroako kaian hazi eta hezi izan da Iñigo Larrinaga, eta orain arte bihotza eta burua bertan eduki dituen arren, hemendik aurrera buruari arnas apur bat eman, eta bihotzagaz sentituko ditu Antiguako Ama traineruaren estropadak.
Zer moduzko denboraldia egin du aurten Ondarroak?
Urte polita izan da. Helburua kategoriatik ez jaistea zen, eta denbora aurrera joan ahala, gero eta hobeto sentitu da taldea. Azkenean, denboraldi polita atera da, eta uste dut pozik egoteko emaitzak lortu ditugula.
Kontxan esan zenion agur patroi izateari eta klubari.
Bai, aurretik zalantzak izan ditut, baina aurten nahikoa argi neukan azkena izango zela. Hantxe izan da azkena hala tokatu zelako, klubari agur ez dakit esango diodan… Azken finean, kluba hor dago, klubekoa naiz, eta edozein momentutan hor egongo naiz. Estropada batean zerbait gertatzen bada eta laguntza behar badute, prest egongo naiz laguntzeko.
Kontxako bigarren domekan, deskalifikazioa tarteko, ze sentsaziogaz geratu zineten?
Guk Kontxan, helburu bezala, azken ez geratzea jarri genuen. Liga guztia Cabo eta Getariaren atzetik egin dugu eta, beraz, bagenekien oso gaitza zela. Hala ere, beraiengandik ahalik eta urbilen egotea gustura egotekoa da. Bigarren domekan pixka bat desilusionatuta geunden iritsi ginenean, baina erramotan egiten utzi zigutenean, bagenekien emaitza ez zela aldatuko. Estropada egitea pozgarria izan zen. Barneratu genuenean deskalifikatuta geundela, berdin berdin irten ginen estropada on bat egitera, eta aurreko domekan bezala, hor egon ginen azken unera arte, gustura.
Zergatik erabaki duzu arrauna lagatzea?
Urte asko dira. 15 urtegaz debutatu nuen, eta udarik libre ez dut eduki lagunekin eta familikoekin egoteko. Pixka bat hausnartuz, erabaki hori hartu nuen. Urte hasieratik nahikoa argi neukan. Nahiago dut orain nire bizitza beste modu batera planteatu, umeagaz eta emazteagaz egoteko, esate baterako. Kanpora joan, oporrak beste era batera pasa…
Urte asko dira, beraz, klubean zaudela. Zer eman dizu klubak?
Beti esaten dut: niri klubak familia bat eman dit, bizitzeko modu bat. Askok esaten didate ea zer kendu didan, eta egia esanda, ez nuke esango hitza kendu denik. Beste modu batera ikasi dut bizitzen, baina eman, lagun zoragarri asko eta bizitzeko estilo bat, familia handi bategaz.
Klubean herriaren babesa sumatzen duzue?
Bai, sekulakoa da. Herrian kalera jaisten zara eta nagusiak, umeak, gazteak… beti dabiltza erramua gora eta behera. Ni patroi izan naizenez, jendea, beharbada, gehiago geratzen da nigaz, eta babes ikaragarria nabaritzen dut. Estropadetatik bueltan beti etortzen da norbait zerbait esatera, eta babesa sekulakoa da.
Xanetegaz ez dago zalantzarik Antiguako Ama-k aurrera egingo duela
Aurrera begira, ze asmo duzu?
Gozatzen saiatzea. Ahal bada, oporretara joan, eskiatzera… Eskiatzera joatea gustatzen zait, eta nahiz eta batzuetan joan, ez naiz nahi beste joaten. Horrelako planak egin nahi ditut, jende askorentzat normalak direnak, baina gu ez gaudenak ohituta.
Arraunagaz zer edo zelan lotuta jarraitzeko asmoa daukazu?
Beti egongo naiz arraunari lotuta. 25 urte bertan egon eta gero, ezinezkoa da hortik guztiz deskonektatzea. Beraz, badaukat asmoa hor egoteko edozein gauzatarako. Balizak bota behar badira, jendea falta bada… Neguan bi traineru atera behar badira eta patroia falta bada, joango naiz. Oraintxe bertan nire bizitza ezin dut ikusi arraunik barik.
Esku onetan geratzen da Antiguako Ama.
Bai, zalantzarik gabe. Ezinbestekoa ez da inor. Aurten Xanet egon da patroi, eta izaera handia dauka Ondarroako patroia izateko. Jokatu dituen estropadetan erakutsi du oso ziaboga onak emateko gai dela, taldea eramateko gai dela… Horregaz lotuta eta oraindik garrantzitsuagoa dena da taldeak berarengan konfiantza erakutsi duela. Hori nik uste dut oso pozgarria dela, eta Xanetegaz ez dago zalantzarik Antiguako Ama-k aurrera egingo duela.