Gozatua hartu dute umeek Arretxinagako San Migel Jaietan
Gaur [irailak 30] kontzertuen gau handia da Markina-Xemeinen. Bitartean umeentzako ekintzak nagusitu dira.
Arretxinagako San Migel Jaiek ez dute etenik. Atzo [irailak 29] San Migel Eguna tradizioari errotuta ospatu eta gero, gaur [irailak 30] ere egiteko asko izan dute auzotarrek. Aurtengo aldaketaren ostean, kontzertuen gaua izango da gaurkoa. Lea-Artibai eskualdeko inguruko herrietako bizilagunen bisita espero dute Arrexe Kultura Batzordekoek.
Baina hori gauean izango da, eta egunez ere egiteko asko izan dute, umeek batez ere. Estreinakoz Xemeinen txotxongilo bertsolariak egon dira lehenengo eta Sustraiak Naturak antolatutako gaztetxoentzako jolasak ostean. Gauean, lehendabizi Modus Operando igoko oholtzara, Gora Herria erromeria ostean eta DJ Ztartek luzatuko du jai giroa.
Domekan [urriak 1], Aringa-Aringa MX taldeak bigarren urtez antolatuta Txara Trail eta Martxa egingo dira. Horrez gain, iaz probatu ostean, aurten streaming bidez emango dute lasterketa Twitch plataforma bidez. Beste egiteko nagusia XIII. Tortilla Txapelketa izango da. Ohi bezala, parte hartzaileek etxetik eginda eroan beharko dituzte tortillak 11:30ak baino lehen. Irabazleak Hemen Be Bai merkatari elkartearen dendetan 75 euro gastatzeko bonu bat irabaziko du. Hori bai, parte hartzaile guztiek jasoko dute saria.
Arratsalderako egitarauko ekimen “handienetako bat” antolatu dute: Ez da kasualitatea bertso saioa. Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi herrikideak igoko dira oholtzara Oihana Iguaran eta Uxue Alberdigaz batera. Gai jartzailea, Maite Berriozabal izango da, eta musikariak, Gari Otamendi eta Ixak Arruti. Badira urte batzukhalakorik egiten ez zutena, eta berreskuratu egin nahi izan dute. Jon Plazaolaren Tutum Platz antzezlanagaz agurtuko dituzte jaiak.