Obren geldialdiari buruzko informazioa eskatu du Mutrikuko Udalak
Udan jasotako erantzuna argia izan zen: irailean berrabiaratuko zirela obrak. Geldialdi egoeraren aurrean, Berdeek aurkeztutako informazio eskaeraren aldeko mozioa onartu dute hiru alderdiek.
Mutrikuko Udalak portuko obren geldialdiari buruzko informazio eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas gaietako zuzendaritzari. Hain zuzen ere, azkenenego udalbatzan gaiari buruzko mozioa aurkeztu zuen Berdeak Equok eta udalbatza osatzen duten hiru alderdiek aho batez onartu zuten.
Mutrikuko portuko babes dikearen obrak irailean hasiko zirela zehaztu zuen Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas gaietako zuzendaritzak eta horrela jakinarazi zuen Joseba Palenzuela alkateak: “Udako denboraldiak kezkatzen gintuen, eta obrak noiz abiatuko ziren galdetzean, irailean hasiko zirela esan ziguten. Horraino esan ziguten eta horraino esan genuen”. Urriaren hasieran sartuta, gaur gaurkoz, lanek geldik jarraitzen dute.
Azkenengo udalbatzan Berdeak Equo alderdiak mozioa aurkeztu du Informazio eskaria dikeko obren geldialdiaren inguruan, hain zuzen ere, atzerapenarekin zetorren mozioa izanik. “Uztaileko udalbatzara aurkeztu zuten baina ez zen egin, hortaz, ezohiko plenoa egin genuen eta horrelakoetan mozioek lekurik ez dutenez, orain dakarte”. Irakurketan zehaztutako informazio eskaeraren aurrean, aho batez onartu zuten mozioa EH Bilduk eta EAJk.
Uztailean Berdeen mozioa jaso ostean, Palenzuelak idatzi bat bideratu zuen portu zuzendaritzara: “Uztailean egiteko zen udalbatzarako jaso zen mozioan galdera batzuk planteatu zirela esan eta erantzunak jasotzea eskatu genuen idatzi baten bitartez. Baina ez dugu erantzunik jaso”. Hala ere, orain, mozioa udalbatzan onartua izan ondoren, eskaera berriz bideratuko dutela zehaztu dute.
Berdeek herrian ezjakintasuna eta kezka dagoela adierazi dute: “Horren erakusle da Danborzaleek, herriko eragile eta talde ezberdinekin ateratako idatzia etenaldiaren zergatiaren inguruaren eta etorkizunaren inguruan.
Plan orokorra. Hiri antolaketarako plan orokorraren izapidetzari hasiera eman zioten udalbatzan. Aho bateko erabakiaren bitartez prozesua martxan jartzea izan zen helburua, proiektuaren abiapuntua izanik.
Ondoren, legedia jarraituz, arauen plan orokorraren izapidetzan prozedura ezarriko duen parte hartze programa abiatuko da. “Parte hartzeko programa lantzen ari gara eta horren lanketatik programaren onarpena etorriko da. Urteetako kontua izango da, baina amaitzeko hasi egin beharko da. 2007ko arau subsidiarioa gaindituta dago eta berritzeko premia zegoen, 2021ean epe bat bete genuen, eta hori gaindituta, betebeharra ere badugu plan orokor berria egiteko. Borondate hori askotan errepikatu dugu eta ea orain arrakada ematen diogun” .