Ondarroako Udalak 1.276.900 euro ordaindu dizkio Andra Mari Parrokiari
Ondarroako Udala eta Andra Mari parrokia elkartu ondoren udalak hitzarmena gauzatzeko alternatiba proposamen bat egin zion parrokiari. Hamasei urtez luzatu den prozesuari amaiera eman diote.
Ondarroako Udalak eta Andra Mari parrokiak 2007an Txomin Agirre ikastolaren inguruan sinatutako hitzarmenak ekarri duen prozesuari amaiera emango diote. 16 urte geroago eta epaitegitik igaro ondoren, urriaren 11n epaia betetzearen baieztapena jasoko dute eta behin betiko amaitutzat emango durte prozesua: Ondarroako Udalak 1.276.900 euro ordaindu dizkio Andra Mari Parrokiari penalizazio gisa hitzarmena ez betetzeagatik, zehazki, udalaren aurrekontuen %13a suposatuz.
2007ko ekainean sinatutako hitzarmenaren arabera, urte beteko epean, Ondarroako Udalak lur azpiko bi soilairuko aparkaleku bat (137 autorentzako) eta 1.251 metro karratuko aterpe bat, harmailekin, egin behar zituen. Sinatutakoa egin ezean, kalte ordainak ordaindu beharko zizkion, zehazki, 300 euro atzeratutako egun bakoitzeko. Horrez gain, 832,65 metro karratuko lur zati eta aparkaleku berriko bost leku parrokiari emateko konpromisoa hartu zuten.
Ondarroako Udalak ez zuen 12 hilabeteko epea bete sinatutako hitzarmenak adierazten zituen obrak egiteko eta
parrokiak epaitegietara bideratu zuen kasua, errekurtso bat aurkeztuz Bilboko Administrazio Auzien lehenengo epaitegian. Auzitegiak, 2016ko azaroaren 15eko epaiaren bidez udala behartu zuen hitzarmena betetzera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazio sailak berretsi zuen erabakia 2018ko otsailaren 13an.
“Edozeinek daki urte bakar batean ezinezkoa dela obra guzti horiek egitea, are gehiago jakinda zelako obra handia den lur azpiko bi solairuko aparkaleku bat egitea”, azaldu dute udal gobernutik. “Hori gutxi ez eta 12 hilabetetan obra eginda eta aipatutakoak parrokiari emanda egon behar zirela esaten du hitzarmenak; ezinezkoa zen
gauza, eta bestela kalteordainak ordaintzera”.
2023ko martxoaren 14an epaiaren exekuzioa eskatu zuen Andra Mari parrokiak eta Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak osoko bilkura izendatu zuen epaia betearazteko eta erabakia aho batez onartu zen maiatzeko udalbatzan. Prozesu luzean Ondarroako Udalak herriaren interesak defendatzeko “ahalegin guztiak” egin dituela azpimarratu dute: “Ahalegin horien baitan lortu zuen udalak, Parrokiarekin eta Gotzaitegiarekin izandako negoziazioaren ondorioz Ibaiondoko aparkalekuak zabaltzea, 2020ko otsailean”.
Proposamena. 2023ko ekainaren 7an, Ondarroako Udala eta Andra Mari parrokia elkartu ondoren udalak hitzarmena gauzatzeko alternatiba proposamen bat egin zion parrokiari eta “parrokiak hasieratik ondo ikusi zuen”. Hortaz, prozesua amaitutzat emateko ondorengo erabakiak gauzatu dira: hitzarmena ez betetzeagatik 1.276.900 euroko penalizazioa ordaindu du udalak, Ibaiondoko aparkalekuko bost plaza doan laga dio parrokiari, 89.516,93 euroko konpentsazioa ordaindu dute parrokiak eraiki zuen aterpe txikiagatik eta 832,65 metro karratuko lursaila banatu eta laga dute.
Udalari dagokion jolastoki zatiari dagokionez, gaur gaurkoz, ez da banatuko, dagoen bezala geratuko da jolastokia. “Erabilpenari begira momentuz dagoen bezala utziko dugu, ezin baitugu berrerabiltzeko planik egin. Gainera, hesi bidez banatzeak ez du inolako zentzurik. Hortaz, HAPOak egitean exekutatuko da zati horri dakion berrerabilera plana”. Horrez gain, hitzarmenean jasotako jolastokiaren aterpeak ere eztabaida sortu du prozesuan. “Alde batetik, ez zetorrelako bat herriko hirigintza arauekin, eta bestetik, bizilagunen salaketak ere eragin zituelako”.
Hortaz, hamarkada bat baino gehiago luzatu den prozesuari amaiera eman diote eta urriaren 11n prozesua itxita geratuko da epaitegietan.