XVI. Ermitarik Ermita martxako izen emate epea urriaren 13an amaituko da
Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da. Ohi legez, hiru ibilbide egongo dira aukeran 10kilometrokoa, 25 kilometrokoa eta 29 kilometrokoa.
Urriaren 21ean egingo den Aulestiko XVI. Ermitarik Ermita mendi martxan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta urriaren 13a izango da horretarako azkenengo eguna.
Bi bide zehaztu dituzte izen ematea burutzeko, online galdetegia beteta eta udaletxearekin harremanetan jarrita; telefonoz 94-627 90 06 zenbakira deituta edo administraria@aulesti.eus posta elektronikora idatzita. 14 urte artekoek 7 euro ordainduko dute, gainerakoek, berriz, 15 euro. Horrez gain, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da baina horiek ez dute edukiko kamiseta ziurtatuta.
Hiru ibilbide egongo dira aukeran: 25 kilometroko luzea, 10 kilometroko laburra eta 29 kilometroko berezia. Luzea egiteko bost ordu eta erdi inguru behar direla aurreikusten dute antolatzaileek, eta hiru ordu inguruan egiteko modukoa izango da laburra. Berezia osatzeko 6 ordu eta erdi behar direla kalkulatzen dute. Hala ere, eguraldiak baldintzatuko du ibilbide berezia. Hau da, ibilbidea egiteko aukera eguraldiaren araberakoa izango dela argitu dute antolatzaileek.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan herriko tabernak zabalik egongo dira, gosaldu ahal izateko. Halaber, aparkalekuak ere zehaztuta egongo direla esan dute. Eta aurreko urteetan modura, dutxak ere egongo dira.