Lotunek eskaintza zabala dakar lehenengo hiruhilekoan
Ikastaroetako izen emateak lehenengo saioa baino hamabost egun lehenago zabalduko dira; lehenengo saioak urriaren 23an abiuatuko dira, Emakume* helduentzako kafe tertuliak eta Txi-Kung ikastaroa.
Mutrikuko Lotune Jabekuntza Eskolak 2023/2024 ikasturteko lehenengo hiruhilekorako egitaraua aurkeztu du eta aurtengo eskaintza ohikoa baino zabalagoa izango da, hiru ardatz izango dituelarik: Emakumeentzako* Jabekuntza Eskola, Feminismoa guztion kontu eta Gizonak feminismorantz.
Herritarrak feminismoan formatzeko helburua jarrita topagune bat eskaintzen dute: “Lotune Mutrikuko herritarrak feminismoan formatzeko eta saretzeko espazioa da. Desikasi, ikasi, eztabaidatu, kontzientziatu, elkar ezagutu, gozatu, zalantzan jarri eta eredu berriak sortzeko eskola feminista da. Mutriku anitz eta parekidea eraikitzen hasteko topagune bat”.
Ardatz bakoitzaren deskribapen zehatza egin dute, hala nola, helburu zehatzak dituzten taldeak direlarik.
- Emakumeentzako jabekuntza eskolari dagokionez, bertako jarduerak soilik emakumeentzako* direla zehaztu dute. “Emakumeak izarrarekin, genero sistemak ezarritako dikotomien gain bizipen, errealitate, gorputz eta identitateak anitzak direla ikusarazteko”. Elkarrekin egon, errealitateak elkarbanatu, teoria feministak formatu eta elkarrekin ahalduntzeko baliabideak eskainiko dira jabekuntza eskolan. Hala nola, Txi-kung ikastaroa eta Feminismoa, dekoloniala eta antiarrazista ikastaroa eskainiko dira. Horrez gain, Emakume* helduentzako kafe tertuliak ere egingo dira.
- Feminismoa guztion konturen baitan egingo diren jarduerak, berriz, herritar guztientzako libreak izango dira, ikuspegi feminista bermatuz. Bertako eskaintzan, Olentzero, nora zoaz? Oier Araolazaren hitzaldia eta Lumineszenteak erakusketa egongo dira.
- Gizonak feminismorantz ardatzari dagokionez, kasu honetan, jarduerak gizonezkoentzako izango direla zehaztu dute. “Feminismoa eta gizarte anitz baten aldeko borroka ez da soilik emakumeen ardura. Zer diote herriko gizonek? Nola egin nahi dute berdintasunaren alde?”. Hirugarren ardatz honetan Lanketarako Gizonak parekidetasunaren bidea: aukera eta korapiloak hitzaldia eta solasaldia egongo dira.
Aurreratu dutenez izena eman beharko da saioetan parte hartzeko, eta hain zuzen ere, ikastaroen izen emateak lehenengo saioa baino hamabost egun lehenengo zabalduko dira. Hortaz, data zehatzak begiratzea komenigarria izango da. Hala ere, ikasturteko lehenengo saioak Emakume* helduentzako kafe tertuliak eta Txi-Kung ikastaroak izango dira, kasu bietan, izen ematea urriaren 8an zabalduko delarik.
Emakume* helduentzako kafe tertuliak urriak 23an abiatuko da, 18.00tan, Emagunean, eta familia harremanak zahartzaroan landuko dituzte: laguntza, ardurak, nire espazioa, maitasuna, zailtasunak, aldaketak. Txi Kung ikastaroa, berriz, urriaren 23an hasiko da, 10:30eatik 12:30era bitartean burutuko da, Luardon.