Alde zaharreko goiko aldeko zirkulazioa murriztuko dute
Urte amaierarako matrikula irakurgailua jarriko dute Kamiñalden. Baimenduak soilik izango dute igarotzeko aukera, egunean behin eta ordu erdiz gehienez ere.
Alde zaharreko goiko aldeko eta Kamiñaldeko zirkulazioa murrizteko neurriak hartu ditu Ondarroako Udalak eta matrikula irakurgailu bat ipiniko dute, hain zuzen ere, bizilagunen eskaerei erantzunez. Urte amaierarako lanak eginda egotea aurreikusten da.
Kamiñalden kokatuko dute matrikula irakurgailua eta semaforo baten legez funtzionatuko du, matrikula irakurri eta baimenik ez dutenei kolore gorria erakutsiko die, baimena ukatuz. Hortaz, baimenduak izango dute soilik aurrera jarraitzeko aukera; kale horietako bizilagunak, komertzioa dutenak, lokalen jabeak, gremioak eta behar bereziak daukatenak izango dira baimenaduak. Gainera, egunean behin sartu ahalko dira eta gehienez ere ordu erdi izango dute egin beharrekoak egiteko.
“Bizilagunen aspaldiko eskaria da orain gauzatuko dena”
Horrez gain, sarrera Kamiñaldetik izango da beti: “Norbait Musika Plazatik zentzuz kontra sartzen ahalegintzen bada bide hasieran egongo den beste irakurgailuak matrikula irakurriko dio eta isuna jasoko du”. Salbuespen bakarra, Iparkaleko baimenduentzat izango da.
Arriskua. Neurriak bizilagunekin batera adostutakoak izan dira, hain zuzen ere, beraien eskutik etorri baitzen kezka. “Bizilagunen aspaldiko eskaria da orain gauzatuko dena, oso arriskutsua baitzen Alde Zaharreko goiko aldetik eta Kamiñaldetik igarotzen zen auto kopurua, baita hauetako batzuen abiadura ere”.
Abiadurari dagokionez ere, murrizketa egongo da, 10km/h izango baita abiadura baimendua. Horretarako, abiadura konkorrak jarriko dituzte hainbat puntutan.
“Baldintzak jarrita daude baina malgutasuna izango dugu”
Proiektuak 58.000 euroko aurrekontua izango du eta bizilagunen ongizatera bideratutako neurria izanik, prozesu malgua izango dela adierazi dute Ondarroako Udaletik, zehazki, urte bete igarota balorazioa egingo baitute bizilagunekin batera: “Beharrak asetzen diren edo ez aztertu eta bizilagunen egunerokotasunera moldatuko dira neurriak, auzo batzarrean batu eta ekarpenak jasota”.
Baimenduak. Ordenantza azaroko udalbatzan onartzea aurreikusten da eta hori gauzatzean baimenak emateko eta beharrezko irizpideak egiteko tartea zabalduko dute. Aurrerago zehaztuko dute non, noiz eta nola lortu ahal izango diren baimenak. “Hamarnaka kasuistika desberdin egon daitezke eta horiek banan-banan aztertuko ditu Udaltzaingoak. Baldintzak jarrita daude baina malgutasuna izango dugu”. Hortaz, zalantzak izanez gero Udaltzaingoetara jo behar da.