"Argi dut Jumbo Vismaren eta Soudal Quick Stepen fusioak ez duela inongo onurarik ekarriko"
Ander Okamika Bengoetxea lekeitiarrak denboraldiaren irakurketa ona egin du, "erorikoek baldintzatuta" ibili den arren. Turkiako Itzulian amaituko du urtea, datorren domekatik [urriak 8] hurrengo domekara [urriak 15] artean.
Amaitzear dagoen denboraldiaren zein balorazio egiten duzu?
Oro har, ona. Hirugarren urtea izanda, fisikoki aurrera egin dudala uste dut. Udaberriko proba garrantzitsuetan, baina, erorikoek neure benetako maila erakustea galarazi zidaten. Alde horretatik, apur bat penatuta nago. Denboraldiaren bigarren zatian, Espainiako Vueltan, alderdi fisikotik oso sendo igarri nuen neure burua, baina ez nuen eduki ihesaldi egokiak harrapatzeko gaitasunik. Egun seinalatuetan, zorte puntutxo hori edota lasterketaren une jakin batzuk hobeto interpretatzeko abilezia hori falta izan zitzaidalakoan nago.
Udaberriko lasterketetan ondo aritzea planteatu zenuen urte hasieran; Frantziako Kopako Doubs eta Jurako probetan lortu zenuen, behintzat.
Bai. Asteburu horretako lasterketak ondo egokitzen zitzaizkidan, eta txukun ibili nintzen. Portugalen, jarraian, garaipena ere eskuratu genuen, GP Beiras e Serra da Estrela izeneko itzulian.
“GP Beiras e Serra da Estrela lasterketako erorikoak begiz jota nituen Okzitaniako Itzulitik eta Espainiako Txapelketatik kanpo utzi ninduen”
Garaipena, gainera, taldekako erlojupekoan lortu zenuten. Kolektiboki lortzen denean, zapore are gozoagoa eduki ohi du irabazteak, ezta?
Inongo zalantza barik. Erlojupeko hura goizeko sektorean lehiatu genuen, eta Pelayo Sanchez taldekide asturiarra lidertzan ipini zen. Arratsaldeko sektorean, baina, erorikoa izan, eta lasterketa utzi behar izan nuen; horrek, gainera, ondorengo probak asko baldintzatu zizkidan. Esaterako, Okzitaniako Itzulitik eta Espainiako Txapelketatik kanpo geratu nintzen, eta biak ala biak begiz jota neuzkan lasterketak ziren. Pena handia izan zen.
Dena dela, sasoi puntu aparta eman zizun gerora etorriko zitzaizun Asturiasko Itzulirako, ezta?
Bai, sailkapeneko 17. postuan amaitu nuen. Edozelan ere, hiru etapako itzuli laburra izan arren, gehiagotik gutxiagora egin nuen Asturiasen. Banekien fisikoki ondo nengoela, ibilbidea ere erakargarria zen, baina azken egun bietan ezin izan nion eutsi lehen etapako pedal kolpe onari.
Nahi zenuen maila erakutsi ez arren, Euskal Herriko itzulian etxeko ataritik eta ziklista legez hazten ikusi zaituzten errepideetatik pasatu zinen.
Hori oso polita izan zen. Itzulian, urtero, zenbait etapatan etxe inguruko errepideak zapaltzen ditugu, eta egunero ibiltzen garen tokietatik pasatzen gara. Horrek sentsazio bereziak pizten ditu.
“Klasiko polita ezagutu nuen Fleche Wallonnen, ikuslez bete eta ibilbide ikusgarrikoa”
Ardenetan ere txukun aritu zinen eta, gainera, estreinakoz.
Bai. Taldea Ardenetako Hirukoteko bigarren lasterketara, Fleche Wallonnera, gonbidatu zuten. Klasiko polita ezagutu nuen, ikuslez betea, eta ibilbide ikusgarrikoa, eta hurrengo urtean errepikatzea gustatuko litzaidake, pila bat gozatu bainuen han.
Espainiako Vuelta lehiatzeko gonbidapena eskuratzea eta, behin hori lortuta, maila onean aritzea dira taldearen helburuak. Lehenengoa bai, baina bigarrena ere bete al duzue?
Bai. Burgos BH moduko profesional kontinental mailako talde batek lehiatzen duen lasterketa guztietan frogatu behar du lehiakorra eta borrokalaria dela. Urteko lehen hilabeteetan, Vueltako gonbidapenetako bat eskuratu genuen, eta orduan planteatu nuen nire bigarren jomuga handia: Vueltako zortzikoan leku bat edukitzea. Behin hori ziurtatuta, ihesaldiei erreparatu genien taldean. Oro har, Vueltan geure nortasuna erakutsi dugu. Zenbait etapatan garaipenetik hurre ibili gara. Adibidez, Pelayo Sanchez hirugarrena izan zen azken-aurreko etapan, Madrilgo mendietan. Mundu mailako izar bi, Wouter Poels eta Remco Evenepoel, eduki zituen aurretik onenen arteko esprintean; bere eta taldearen izaera oso agerian geratu ziren egun hartan.
Denboraldiak, baina, oraindik ez ditu bereak eman zuretzat.
Ez, urteko azken itzulia falta zait. Aste honetako domeka [urriak 8] eta hurrengoa [urriak 15] artean, Turkiako Itzulia lehiatuko dut. Azken urteotan, esprinterako etapak gailendu dira, eta ez dut uste mendi larregirik egongo denik. Dena dela, lehiaketa urtea ahalik eta hoberen agurtzen saiatuko gara eta, betiko legez, taldearen koloreak ahal bezainbeste erakusten.
“Oro har, Espainiako Vueltako antolakuntzak txirrindularien segurtasunaren alde egin zuela uste dut”
Vueltara itzulita, antolakuntzak kritika ugari jaso ditu, hartutako neurriak direla eta: Bartzelonako erlojupekoa zenbait taldek ia ilunpean egin zuten; Caravaca de la Cruzen zein Montjuicen sailkapen orokorrerako denborak helmuga orduko hartu zituzten, eta abar.
Oro har, antolakuntzak txirrindularien segurtasunaren alde egin zuela uste dut. Bartzelonakoa, beharbada, ezin izan zuten kontrolatu, baina gainontzekoak parte hartzaileak babesteko egin zituzten. Gainera, hartutako neurri denak ziklistekin eta taldeetako ordezkariekin adostuta egon ziren. Alde horretatik, bat nator erabakiokin.
Zelan bizi duzu tropel barrutik Jumbo Vismaren agintea?
Historia egin dute: ziklismo modernoan inork ez du lortu itzuli handi bateko podium osoa bere txirrindulariekin betetzerik. Profesional kontinental mailako eta World Tourreko taldeen artean arrakala handia dago, baina bigarren maila horretako zenbait etxe, batez ere Jumbo Visma, koska bat gorago daude. Vueltan, adibidez, zenbait egunetan lasterketa euren interesen arabera moldatu zuten: etapa irabazi gura bazuten edo soilik kontrol lana egin, probak itxura bat edo beste hartzen zuen. Edonork ikusi ahal izan du nahieran ibili direla egun guzti-guztietan.
“Jumbo Vismaren eta Soudal Quick Stepen fusioagaz, lasterketek gutxi edukiko dute ezustekotik zein ikuskizunetik”
Gainera, badirudi Soudal Quick Step etxeagaz fusioa egitekotan daudela, sekula ikusi gabeko supertaldea osatzeko.
Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, baina argi dut horrek ez diola onurarik ekarriko txirrindularitzari: taldeen arteko aldeak handiagotu egingo ditu, eta lasterketek gutxi edukiko dute ezustekotik zein ikuskizunetik.
Zein lasterketa lehiatzeko gogoagaz geratu zara?
Batetik, lehen aipatutako Fleche Wallonnek arreta deitu zidan. Bestetik, Ardenetako beste lasterketa bat aipatuko nuke: Liege-Bastogne-Liege. Europako goi mailako egutegiko probarik zaharrena da, monumentu deritzen egun bakarreko bost lasterketetako bat, eta polita litzateke bertan parte hartu ahal izatea.
Zer aurreratu zenezake hurrengo denboraldiari begira? Ba al duzu ezer adostuta taldeagaz?
Oraindik ez. Lehenengo, Turkian lehiatuko dut eta, egutegia borobildu ostean, hasiko gara hurrengo urteari begira. Argi dudan bakarra da ni oso gustura nagoela Burgos BH taldean, eta uste dut haiek ere pozarren daudela nigaz. Hemen jarraitzea gustatuko litzaidake, oso ondo egiten baitute behar eta talde guztiz serioa baita. Dena dela, goizegi da edozer aurreratzeko.
“Burgos BH taldea, besteren artean, talentuen haztegia ere bada”
Serio behar egiteaz gain, harrobia ere helburu dute, ezta?
Bai, gazteei aukerak ematen dizkien taldeetako bat da; gauza handia da hori. Adibidez, Pelayo Sanchezek aurten egin du kalitate saltoa, baina hori, neurri handi batean, hemen topatutako baliabideei esker izan da. Egonkortasun eta erraztasun horiekin, barruan zuena zukutu ahal izan du, eta Movistar Team moduko talde potolo baten arreta bereganatu. Burgos BH, besteren artean, talentuen haztegia ere bada.