Ostalaritzako langileak, baldintza duinen alde borrokan
Bizkaiko ostalaritzak deitutako lehenengo greba eguna izan zen atzo [urriak 4] eta Zubi Zahar Ikastolako langileek bat egin zuten deialdiarekin. Urriaren 11n eta 12an izango dira hurrengo greba egunak.
Bizkaiko ostalariek hiru greba egun deitu dituzte urrian lan baldintza duinen alde borrokatzen jarraitzeko. ELA, LAB, CCOO eta UGTk sindikatuek deitutako hiru greba egunetatik lehenengoa izan zen atzokoa [urriak 4] eta Bizkaiko hainbat herritan egin zituzten elkarretaratzeak, tartean, Ondarroan. Zubi Zahar Herri Ikastolako langileek bat egin zuten grebarekin ikastola aurrera agertuz.
Jangeletako langileak, ospitaleetako sukaldeko eta kafetegietako langileak, hirugarren adineko egoitzetako sukaldariak eta industriako jantokiko langileak barne dituen sektoreak patronalaren jarrera salatu du: “Patronalak mahai negoziatzailea blokeatzen jarraitzen du. Ez ditu langileen lan baldintzak hobetu nahi. Negoziazioa erabateko blokeo fasean dago. Patronala oso eroso dago eta Gipuzkoa ez bezala, ez du langileen erosteko ahalmenaren galera arintzeko formularik baloratzen,hau da, ez du soldata KPIaren arabera bermatu nahi ezta atzerapenak ordaindu ere, ezta egungo urteko lanaldia murriztu edo gutxieneko lanaldiak bermatu nahi ere. Langileon kontura irabazten jarraitu nahi dute”.
Hitzarmen bateratua dute helburu, baina lortu bitartean, Bizkaiko hitzarmena hobetzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute: “Bizkaiko ostalaritza hitzarmenaren barnean gauden kolektiboko langileon helburua EAEko hitzarmen propioa lortzea da, baina helburu hori lortu arte, gaur gaurkoz guri dagokigun Bizkaiko ostalaritza hitzarmena hobetzeko borrokan jarraituko dugu”. Datorren astean bi greba egun zehaztu dituzte: urriaren 11n eta 12an.