Ligaren irabazleak Durangoko Ezkurdi pilotalekuan erabakiko dira
Jai Alai Leaguen aurrelarien rankingean bigarren sailkatu da Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarra, eta lauko finalean Gorka Sorozabalegaz bikotea osatuta, Johan Sorozabalen eta David Minviellen kontra jokatuko dute, urriaren 9an.
Jai Alai Leaguen lehenengo edizioa Durangoko Ezkurdi frontoian erabakiko da, denboraldiko zortzi pilotari onenen parte-hartzearekin, eta horien artean da Aritz Erkiaga ispastertarra. “Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa garrantzitsuenak jasotzen dituen liga bateratua da Jai Alai League, eta Durangoko Ezkurdi pilotalekuan ezagutuko ditugu lehen edizio honetako txapeldunak. Eszenatoki ezinhobea, dagoeneko errealitate bihurtu den proiektu batentzat”, azpimarratu dute antolatzaileek.
24 pilotarik lehiatu dute liga, eta lauko finaleko bikoteak aurrelaien eta atzelarien rankingetako sailkapenen arabera eratu dituzte. Erkiagak Gorka Sorozabalegaz jokatu du, eta honakoak dira gainontzeko bikoteak: Iñaki Osa Goikoetxea-Imanol Lopez, Johan Sorozabal-David Minvielle eta Ludovic Laduche-Thibault Basque.
Finalerdiak urriaren 9an (astelehena) lehiatuko dituzte, 19:30etik aurrera. Goikoetxeak eta Lopezek Laducheren eta Basqueren kontra jokatuko dute, eta Erkiagak eta Gorkak Johanen eta Minvielleren kontra. “Hain zuzen ere, finalerdietan, aurrelari eta atzelari onenak (Goikoetxea-Lopez), laugarrenen aurka neurtuko dira (Laduche-Basque), eta bigarren sailkatuak, berriz (Erkiaga-Gorka), hirugarrenen kontra (Johan-Minvielle)”
Finala hilaren 16an (astelehena) izango da, 19:30ean. ETB 1 eta Canal Plus France kateetan ikusi ahal izango dira finalerdiak zein finala.
Sarrerak www.eramanjaialai.com eskuratu ahalko dira.
Puntuazioa. Ligan 57 partida jokatu dituzte, bost txapelketa edo egoitza hauetan: Eusko Label Winter Series, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane-Lohizuneko Nazioartekoak, Paueko Kopa eta Durangoko lauko finala. Txapelketa guztietan puntuazio sistema bera erabili dute. Ligaxkako faseetan, 360 puntu bildu dituzte irabazleek eta 180 puntu galtzaileek, kanporaketa faseetan, 2.000 puntu jaso ditu Grand Slama irabazi duten pilotariek, 1.200 puntu bigarrenek, 750 puntu hirugarrenek, 360 puntu laugarrenek eta 180 puntu bosgarrenak. Master txapelketetan, ostera, 1.000 puntu poltsikoratu dituzte irabazleek, 600 puntu bigarrenek, 360 puntu hirugarrenek, 180 puntu laugarrenek eta 90 puntu bosgarrenek.
Lopez atzelari zumaiarra izan da ligako pilotaririk onena, bai puntuazioari dagokionez (10.860 puntu) eta bai irabazitako txapelengatik ere: Beaskoetxea lagun hartuta, Eusko Label Winter Series-a irabazi du eta Goikoetxearekin Biarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa. Donibane Lohizuneko Nazioartekoetan, ostera, Erkiaga eta Sorozabal izan dira garaile.
Sorozabal denboraldi honetako “berritasun handienetakoa” izan dela nabarmendu dute Eraman enpresaren ordezkariek. Campos Berrin lortutako garaipenaz gain, txapeldunorde izan da Biarritzen: “Ahaztezina da Johan anaiarekin jokatutako finala, berdinketa hausteko setean 5 eta 4 galdu zuten Goiko eta Lopezen aurka”. Bestalde, Paueko Kopan Johan eta Minvielle geratu ziren txapeldunorde, eta Gernikako Winter Seriesean Barandika eta Lekerika: “Azken horiek lauko finaletik kanpo geratu dira, lehena lesioagatik eta bigarrena, puntuazioagatik”.
Gaurko aurkezpenean antolatzaileek aurreratu dutenez, Jai Alai Leaguen bigarren edizioan, data, txapelketa eta egoitza berriak izango dituzte.