180 lagunetik gora batuko dira Ispasterko Kuadrilla Eguneko bazkarian
Iazko kuadrilla berek eman dute izena. Herriko guztiak batzeko eguna dela azpimarratu du Kultur zinegotziak. Umeentzako bola jokoa antolatu dute lehenengoz.
Bihar elkartuko dira Ispasterko lagunarteak eta kuadrillak, XV. Kuadrilla Egunean. Gogoz daude guztiak, eta jai giroa sumatzen da jada herrian. Hamar kuadrillak eman dute izena, eta guztira 180 lagunetik gora elkartuko dira: “Iazko kuadrilla berdinak daude izena emanda. Kopurua ez da txikitu eta ezta handitu ere”. Denak dira herrikoak, izan ere, egun berezia izaten da bertakoentzako: “Izena emandako guztiak dira herrikoak. Sasoi guztietakoak, gainera: gazteetatik hasi eta nagusietaraino. Denok batzen garen eguna izaten da”.
Ispasterko Udaleko Kultura eta Jai Batzordeak antolatzen du urtero, eta Eskarne Gogenola Kultur zinegotziak nabarmendu du “elkarrekin egotea” dela garrantzitsuena: “Liskarrak edo dena delakoak alde batera utzi, eta denok batzeko eguna da. Udako jaietako herri bazkarian kanpotar gehiago egoten dira, baina Kuadrilla Egunean ez”.
Egunari ekiteko prest. Izena eman duten kuadrilla bakoitzetik bi lagun joan beharko dira egunean bertan, 10:00etan, mahaiak prestatzera. Mahaien prestaketaren ostean, kuadrillak pixkanaka batzen hasiko dira, eta bazkaria prestatzeari ekingo diote.
Aurtengo berrikuntza, bazkariaren aurretik etorriko da. 12:00etan, umeentzako bola jokoa antolatu dute: “Ez dugu txapelketa antolatu nahi izan. Bertako jolasa da bolena, eta bolatokia daukagunez, umeentzako bolak egin ditugu: txikiagoak eta pisu gutxiagokoak”.
Horren ostean, 15:00etan, eguneko momentu handia iritsiko da: bazkaria. Bazkaldu ostean ere, ez dute aspertzeko astirik edukiko herritarrek. 17:30ean bi saskiren zozketa egingo dute: “Kuadrillek bazkarirako hartzen duten tikeekin egingo da: hamar lagun badira, hamar tiket emango dizkiegu”. Jarraian, Bola Txapelketa egingo dute: banaka edo bikoteka izena eman ahalko dute, eta bikoteak mistoak izan beharko dira.
Gelditzeko astirik hartu barik, 18:30ean, musika bihurtuko da protagonista herrian, DJ JN lekeitiarraren musika saioagaz. Azkenik, egun borobilagaz amaitzeko, txapel jaurtiketa egingo dute 21:30ean.