Euskara eta kulturartekotasuna egitasmoa martxan jarri dute Markina-Xemeinen
Lan saioa antolatu dute herriko eragile eta elkarteekin urriaren 17an, 17:00etan, Esperantza Aretoan.
Euskara eta kulturartekotasuna gure hezkuntza komunitatean egitasmoa martxan jarri dute Markina-Xemeinen. Euskaraz bizitzen jarraitzea eta euskaraz ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideen ulermena erraztea eta beraien parte hartzea sustatzea du helburu egitasmoak. Ekimena hezkuntza sailetik datorren arren, herri guztira zabaldu nahi dute, eragile eta elkarteen parte hartzea bilatuz.
Egitasmoa Markina-Xemeingo Udalak, Uemak, Mondragoi Unibertsitateko Huhezi fakultateak, Berakruz ikastolak, Markina-Xemeingo eskola publikoak eta beste hainbat eragilek jarri dute martxan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. “Euskara zaindu eta sustatuko dugu, gure herriko hizkuntza delako, eta herriaren eskubidea eta konpromisoa delako, baina bide berriak bilatuko ditugu euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko eta parte hartze aktiboa izateko”.
Markina-Xemein euskaraz bizi den herria da, Uemaren hitzetan, arnasgunea, eta hortaz, “erabakigarriak euskararen iraupenerako”. Hezkuntzaren testuingurua oinarri hartuta gurasoen arteko harremanak sustatu eta sendotu nahi dituzte, hizkuntzaren muga gaindituta: “Guraso batzuek ez dakite euskaraz, eta horien parte hartzea bermatu nahi dug, haien seme alaben integraziorako garrantzitsua baita”. Horretarako, espazioak elkarbanatzeko beharra ikusi dute.
Bide berriak bilatzen ari dira, hain zuzen ere, konplizitatea bilatzeko eta jarrera eraikitzaileak izateko. “Gauza txikiak eginez, aldaketa handiak egin daitezke”. Horretarako tresnak landu eta martxan jarri nahi dituzte, adibidez, aldibereko itzulpena, parte hartzeko bide berriak, testuak eta mezuak euskaratik norbere hizkuntzara itzultzeko baliabideak… Guraso bileretan aldaketa batzuk egin dituzte, eta balorazio oso positiboa jaso dute: “Guraso bileretan aldaketa txikiak egin ditugu eta euskaraz ez dakitenen aldetik jaso dugun mezua argia izan da: orain denok batera gaude. Abiapuntu bat da fisikoki denok leku berean egotea, harremanak sortzeko gakoa baita”.
Herriaren parte hartzea. Maiatzaren 20an hogei lagun inguruk talde eragilea osatu zuten eta martxan jarri ziren. Ikastetxeetako irakasle eta gurasoak parte hartu zuten bertan, baita udalak eta hainbat eragilek ere. Orain, urriaren 17an lan saioa deitu dute 17:00etatik 20:00etara egingo dena Esperantza Aretoan. “Herrira zabaldu behar den egitasmoa da, elkarte eta eragileek bat egitea nahi dugu, denon artean lantzen jarraitzeko, hezkuntzatik kanpo lanak jarraitu egin behar du”.