Terrazen ordenantza berria egiteko parte hartze prozesua abiatuko du Ondarroako Udalak
Herritarren iritziak entzuteko bilerak egingo dira herriko ostalariekin, herritarrekin eta elkarteekin. Aurrerago zehaztuko dira noiz izango diren.
Ondarroako Udalak terrazen ordenantza berria idazteko prozesua abiatuko du, herriko beharrizanetara egokitutako ordenantza sortzeko asmoz, argia eta betegarria izateko helburuarekin. Horretarako, herriko tabernari, jatetxe, herritar eta eragileekin parte hartze prozesua abiatuko dute, guztien iritziak jaso ostean idazketari ekiteko.
Bitartekaritza enpresa bat kontratatu dute herrian sortutako gatazkei irtenbidea emateko asmoz. Prozesua urriaren 25ean abiatuko dute eta guztien iritziak jaso ostean, maiatzerako ordenantza berria indarrean egotea aurreikusten da. “Elkarbizitza izango da oinarria, guztien eskubideak bermatu beharko dituen elkarbizitza”. Herriko zaratak, garbitasuna, espazioaren okupazioa, egiturak, ordutegiak eta isunak kontuan hartuko dira, eta prozesuan iritzi eta kezka guztiak ongi etorriak izango direla adierazi dute. “Herritarren parte hartzea eskatzen dugu, prozesu parte hartzailea izatea baita helburua”.
“Arazo asko enkistatuta daude, kasu batzuetan epaitegietaraino iritsita ere bai, eta guzti horri irtenbidea eman behar diogu, denon mesederako”
Neurriak hartzeko momentua ailegatu dela esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak, eta aurreko guztia bertan behera utziko duen ordenantza berri bat idatzi eta herritarren eskubideak errespetatzea bermatuko duen prozesura abiarazteko unea. “Arazo asko enkistatuta daude, kasu batzuetan epaitegietaraino iritsita ere bai, eta guzti horri irtenbidea eman behar diogu, denon mesederako”.
Kexa eta ezinegon kopurua handia dela azpimarratu dute, eta prozesuak herrian sortu diren gatazkei konponbidea ematea izango du helburu : “Espazio publikoaren erabilera nolako izan behar den erabakitzea denoi dagokigu, herria denona baita. Hori da prozesu honen asmoa: arau guztiak jasoko dituen ordenantza bateranzko bidea egitea, non herritarrei euren oinarrizko eskubideak errespetatuko zaizkien eta tabernariek ere euren jarduna egin ahalko duten zarata, ordutegi, okupazio, garbitasun eta antzeko arau guztiak errespetatuz”.
Prozesua pausoz pauso egingo da, eta lehenengo urratsa bilera informatiboak egitea izango da, taldeka. Egunak zehaztuko dira eta bi ordutegi eskainiko dira, bata goizez eta bestea arratsaldeaz. Guztira sei bidera egingo dira:
- Tabernarientzako bi bilera
- Herritarrentzako bi bilera
- Eragileentzako bi bilera
Behin pauso hori emanda, banakako bilerak egiteko aukera egongo da, aurrez lotutako hitzorduen bidez. Herritarrek esan beharrekoak entzun ondoren, jasotako informazioaren berri emango dute. Ondoren, udalak parte hartze prozesuaren txostena jasoko du eta jarraipena egingo dio.
Gardentasuna. Kontsultarako prozesu bat dela zehaztu dute, hau da, ez da erabakitzailea izango, “udalari dagokio erabakiak hartzea”. Bitartekaritza izango da bideratzailea, hortaz, inpartzialtasuna izango dute oinarri. “Prozesuan gardentasuna mantenduko da eta parte hartzaileen baldintza berdintasuna bermatuko da”.