Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute eskualdeko herriek
Ondarroako, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko udalek bat egin dute eredu komunitarioagaz. Deialdia urriaren 16an argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
Ondarroako Udalak, Lekeitioko Udalak eta Markina-Xemeingo Udalak eredu komunitarioan sortutako Udaltzaingo Lan Eskaintza Publikoa aurkeztu dute, gaur [urriak 9], Ondarroan. “Herri txikien beharrizanei ondo erantzungo dien eta bertoko beharretara egokitzen diren udaltzainak izatea da deialdi bateratuaren helburua”.
Eskualdeko hiru udalerri nagusiek bat egin dute Ondarroako Udaltzaingotik bultzatu den proiektuagaz eta langileen behin-behinekotasuna murriztea eta zerbitzuaren kalitatea areagotzea bilatuko da. “Lan eskaintza bateratuan hiru herriok batu gara, ikusi dugulako gurea bezalako herriek badaukatela beharrizan berezi bat udaltzaingo eredu komunitario baterako, egiten diren beste deialdi publiko batzuetatik aldendu eta profil herrikoiagoko udaltzain taldeak eginez”.
Euskara, gertutasuna eta herriarekiko ezagutza erdigunean jarriko dira
Eredu komunitarioak herritarrekin batera lan egiteko beharra azpimarratzen du, hala nola, euskaraz, gertutasunarekin, arazoak daudenean bitartekaritza eskainiz eta herriaren berezitasunak eta idiosinkrasia ezagututa. Bost postu eskainiko dituzte: hiru Ondarroan, bat Lekeition eta beste bat Markina-Xemeinen.
“Inguruko jendeari aukera eman eta polizia eredu zurrunetik aldentzen den udaltzaingo eredu bat osatzeko bidea ematen duelako. Eredu komunitario honetan, esaterako, ez da sartzen delinkuentzia maila hain baxua eta mota zehatz batekoa daukagun herrietako udaltzainek suzko-arma erabili behar izatea, legez ezarri nahi diguten moduan”.
Ezaugarriak. Urriaren 16an aurkeztuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta bertan oinarriak zehaztuko dira. Lehiaketara aurkezten direnek herrien aukeraketa egin ahal izango dute. “Azterketan herriaren ezagutzari buruzko atala ere zein herriri buruzkoa egin hautagaiek aukeratuko dute”. Horrez gain, azterketa euskaraz egin beharko dute. “Hizkuntza eskakizuna beharrezkoa ikusten dugu, lanerako baliabide bat gehiago dela kontuan izanda”.