“Zoragarria eta ezin hobea” izan da Ondarroako Marabilli Sormen Festibala
Barikutik [urriak 6] domekara [urriak 8] egitarau bete-betea izan dute eta herritarrek erantzun dute.
“Zoragarri eta ezin hobeto atera da dena”. Ez dago laburpen hoberik. VI. Marabilli Sormen Festibalak Ondarroa hartu du barikutik [urriak 6] domekara [urriak 8]. 2012an hasi zenetik, jaialdi formatuan egin den azken aldia izan da aurtengoa. Eta zelango amaiera eman diote gainera. Ondarroa lepo bete da asteburuan. Ekintza guztietan jende askok parte hartu duela esan dute antolatzaileek. “Bete-beteta” amaitu dute guztiek, antolatzaile, parte hartzaile eta ikusleek, eta denak “oso pozik” daudela esan dute. Batez ere parte hartzaileen erantzuna azpimarratu dute, hauek ere herritarren berotasuna eta erantzun ona nabaritu dutelako.
Ondarroa txiki geratu da eta guzti ekintza batzuetarako, erabateko arrakasta izan badira guztiak ere. Adibidez, Tapia eta Letuariaren kontzertua Ondarroako jaietakoa zirudiela aipatu dute eta guzti, zegoen “jendetzagaz eta giro onagaz”. Kofradia Zaharrak ere gainezka egin zuen Joseba Sarrionandiak esan beharrekoak entzuteko, “areto handiagoa izango balitz ere bete egingo genuke”. Braulio eta Gailu taldeak zapatu eguerdian jartzeagaz erabat asmatu zutela nabarmendu dute.
Eguraldiak “asko lagundu” duela aitortu dute, bestela, “euria edo hotza egingo balu ez ginateke horrelako arrakastaz hitz egiten egongo, ezin hobeto atera da dena”. Portuko Ranpan eta giro “bikaina” nagusitu da: barikuan DJ Elepuntok eta Malandrok jarritako musikak herritarrak dantzan jarri zituen. Erakusketara ere jende asko bertaratu da, Marabilliren aurreko bost ekitaldietako ibilbidea bildu dute, eta herritarrek “pozez zein penaz” bisitatu dutela nabarmendu dute.
Ez da amaitu. Hain zuzen ere, antolatzaileek lanean jarraituko dute: “Marabilli ez da amaitzen, festibala amaitzen bada ere, ekintzak egiten jarraituko dugu. Ekimen puntualagoak izango dira, antzerki bat edo beste ekarriko dugu, adibidez, baina ez 10 ekimen aldi berean”. Jendea haiekin “haserretu” dela esan dute, baina beti ere “alde onetik ikusita”. Galderak etengabeak izan ziren, domekan batez ere, baina aldi berean beste horrenbeste esker jaso dituzte egindako lanagatik.
“Ez gara profesionalak eta hau dena antolatzeak kostu handia du, gure egunerokoan bestelako lanak ditugulako eta aste luze batzuetan bestelako gauzak alde batera utzi behar ditugulako festibalean buru-belarri egoteko”. Gainera, errelebo falta apur bat sumatu dute. “Ez bakarrik gure lanari jarraipena emateko, bestelako ideia batzuk ere sartzeko. Gainera, datorrenak, badatorren, ez du Marabilli izena izan behar, beste bat izan dezake”.