Etxebarriko Nemak enpresako komiteak kontratu finko osoak exijitu ditu
Orain dituzten aldizkako kontratu finkoak ezabatzea eskatu dute gaur [urriak 10] enpresaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Enpresa komiteak “argi” du ez dituela onartuko Nemak enpresako buruzagiek “inposatu” nahi dituen aldizkako kontratu finkoak. Hain zuzen ere, horiek kontratu finko osoz ordezkatzea exijitu dute. “Ustezko legalitatez estalitako esklabotza berriari ateak irekiko dizkion kontratu mota honek ez dauka lekurik ez Nemaken ezta gure industria arloan ere”, adierazi dute.
Horregatik, “argi eta ozen” eskatu diote gaurko [urriak 10] elkarretaratzean kontratu motak aldatzea. “Jarraipen ezan eta ezegonkortasunean bizitzera behartu dituen lankideak normaltasun eta ziurtasun laboralera iraultzea eskatzen dugu”. Gehitu dute ez dutela onartuko lankideak “egonkorra izango ez den errealitatera kondenatzea”.
Aldizkako kontratu finkoak langileentzat “egonkortasun eza” dakarrela esan dute eta onurak ateratzen dituen bakarra Nemak dela. “Kontrolik gabeko malgutasuna ematen dio enpresari langilea noiz etxera bidali eta noiz lanera deitu, etxean egon beharreko aldiaz enpresak ez dauka langileagaz negoziatzeko betebeharrik, langabezia pilatzea zailduko du, bizitza guztirako behin-behinekotasuna kondenatzen zaitu zuzenean”. Esan dutenez, kontratu mota horregaz ezin dira inoiz finko oso izan eta behin enpresan sartuta, hurrengo urteetan “gero eta gehiago” izango direla aldizkako kontratu finkoa dutenak.
“Langile finko garen inori ez litzaiguke gustatuko betirako aldizkakoa izatera kondenatzea finkotasun tranpa horren aitzakipean. Beraz, guretzat nahi ez duguna ez dezagun inorentzat onartu, gure lankideentzat gutxiago”
Kasurik ez. Enpresa komitetik adierazi dute enpresako buruek badakitela haien iritzia, baina “harrokeriaz” jokatu dutela: “Gure gainetik kokatu dira, komitearen iritziari kasurik egin ez eta konfrontazio bidea ireki du enpresak langile ordezkaritzari errespeturik ez erakutsita”. Horregatik, elkarretaratzeekin hasi behar izan dira. Gaur [urriak 10], bihar [urriak 11], etzi [urriak 12] eta barikuan [urriak 13] egingo dituzte elkarretaratzeak enpresaren aurrean 13:15ean eta 14:05ean.
Enpresaren “inposaketaren aurrean” langileei “erantzunerako prestutasuna” edukitzeko deia egin dute. “Langile finko garen inori ez litzaiguke gustatuko betirako aldizkakoa izatera kondenatzea finkotasun tranpa horren aitzakipean. Beraz, guretzat nahi ez duguna ez dezagun inorentzat onartu, gure lankideentzat gutxiago”.
