Jubilatuek herri arteko topaketa egingo dute urriaren 21ean
Gaur [urriak 10] eta bihar [urriak 11] 17:00etatik 19:00etara dira izena emateko azken egunak, Beti Jai elkartearen egoitzan.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak Lea-Artibaiko herri arteko topaketa antolatu du urriaren 21erako. Bertan, Markina-Xemeingo, Etxebarriko, Berriatuko eta Ziortza-Bolibarko nagusiek egingo dute bat. Parte hartu nahi dutenek gaur [urriak 10] eta bihar [urriak 11] 17:00etatik 19:00etara dute izena emateko azken eguna, Beti Jaiko egoitzan.
Urriaren 21ean Aginaga Sagardotegian egingo dute herri arteko topaketa. Iazko plan berdina jarraituko dute. 10:45ean jarri dute hitzordua autobus geralekuan eta mahaiaren inguruan elkartu aurretik Orioko herri bisitatuko dute. Hori gutxi ez, eta bazkaldu ostean Zarautzen ere geratuko dira herrian zehar ibiltzeko. Interesa dutenek guztira 37 euro ordaindu behar dituzte izena ematerakoan.
Iazko herri arteko topaketan 200 jubilatu baino gehiago elkartu ziren, eta aurten, zaila bada ere, marka hobetzeko helburua dute. «Urtero agendan gorriz markatuta dugun eguna da. Horrelako topaketek gure harreman ona sendotzeko oso garrantzitsuak dira», azaldu dute.