Markina-Xemeingo Udalak auzo batzarrak jarri ditu martxan
Azken lau urteetan emandako “komunikazio eta gertutasun falta” berreskuratu nahi dute.
Markina-Xemeingo Udala auzo batzarrak egiten hasi da. Barikuan [urriak 6] hasi zituzten Barinaga auzoan eta asteburuan Iruzubietan eta Larruskainen egon ziren udal ordezkariak, zapatuan [urriak 7] eta domekan [urriak 8], hurrenez hurren. “Helburua da lekuan lekuko kezkak, arazoak eta proposamenak jasotzea”, azaldu dute.
Barikuan [urriak 13] 18:00etan egingo dute hurrengo bilera Amallo-Urberuagako auzotarrekin, Inpernusierrakoekin domekan [urriak 15] 12:00etan, urriaren 20an Meabe eta Iturretako herritarrekin, 21ean 12:00etan Axpe Sagardotegian Atxondokoekin eta 17:00etan musika eskolan Arretxinagakoekin eta azkenik 22an amaitu dituzte 12:00etan Satzu landetxean Santutxu-Goierrigaz.
“Batzuetan landa eremuko bizilagunek kasurik egiten ez zaien sentsazioa dute”
Orain arte egindako hirurekin “oso pozik” daude udal ordezkariak. “Zintzotasunez hitz egin dugu guztiok, auzotarrek haien kezkak azaldu dizkigute eta guk ahal dugun guztia lagunduko diegula esan. Ezin diegu bete ezin duguna hitz eman”. Markina-Xemeinek landa eremu zabala du eta horrek leku guztietara heltzeko zailtasunak sortzen ditu. “Batzuetan landa eremuko bizilagunek kasurik egiten ez zaien sentsazioa dute, ez direla haien beharrizanak nahi beste asetzen eta horregatik lagundu eta konponbidea ematen saiatuko gara”.
Bi kezka nagusi jaso dituzte orain arte. Batetik, landa eremuko errepideak, herriak 110 kilometro inguru ditu mendi ingurutik. “Hainbeste kilometrogaz oso zaila da egin beharreko konponketa guztietara heltzea. Gainera, ez dugu behar besteko diru laguntzarik jasotzen”. Bestalde, herriaren ur hornidura arazo gero eta handiagoa bilakatzen ari da azken urteetan, batez ere aurtengo lehorteekin. Alde horretatik ere auzotarrek laguntza eskatu diote udalari. Hain zuzen ere, gogoratu dute 2026rako dagoela aurreikusita Barinaga-Iturretako ur hornidura lekua prest egotea.
Jarraipena. EH Bilduren aurreko agintaldian martxan jarritako bideari jarraipena eman nahi izan diote. Orduan, urtean baten biltzen ziren herritarrekin eta ideiak jasotzeaz gain, egindakoa aztertzeko balio zutela azaldu dute: “Egindakoak eta ez egindakoak ikusteko balio zuen, hau da, jarraipena egiteko modu bat zen”. Hain zuzen ere, azken lau urteetan “komunikazio eta gertutasun falta” nabaritu dute. Udala Agintaldi Plan bat osatzen ari da, hau da, datorren lau urteetarako ekintzak antolatzen ari da. Gainera, aurrekontu sasoia dela azaldu dute eta, horrenbestez, “garrantzitsua” dela informazio guztia jasotzea.