'Hotsak soinu, soinuak doinu. 10 urtez, Musikaia'
Lekeitioko musika eskolak ikasturtearen hamar hilabeteetan hamar ekintza antolatu ditu 10. urteurrena ospatzeko. Urriaren 26an egingo dute bigarren ekimena, ‘Gaba Baltza’ ospatuz.
Musika eskolatik joko bezala antolatzea pentsatu dute 10. urteurrena. Hamar urte direnez eta ikasturteak hamar hilabeteko iraupena duenez, hilabete bakoitzean ekimen berezi bat egingo dute. Hala ere, argitu dute ez dituztela bakarrik hamar ekintza egingo, urtero egiten dituzten beste asko mantenduko dituzte. “Ikasturte berezia prestatu nahi izan dugu, hau da, normalean prestatzen ditugun ekintzez gain, bestelako ekintza bereziagoak antolatu. Guretzako hilero kontzertu bat antolatzea oso zaila da gure klaseetako dinamikekin eta ikasketa prozesuekin jarraitu behar dugulako”, azaldu dute. Urteurrenari erabateko zabalkundea emateko lelo bat sortu dute, ekintza guztietan lagun izango dutena: Hotsak soinu, soinuak doinu. 10 urtez, Musikaia. Ekintza batzuetan herriko musika edo kultura taldeen parte hartzea bilatu dute eta harrera “oso ona” izan dutela nabarmendu dute.
Irailean hasi zituzten ekimenak. Lehendabizikoan, nagusien etxera joan ziren eskolako trikitilari eta pandero jotzaileak bertako egoiliarrei emanaldi txiki bat eskainiz. “Gure lehen aldia izan da nagusien egoitzan eta ez genuen ohiko gabonetako datetan joan nahi”. Urrian, Lekeition hain tradizionala den Katu Baltza egunagaz Gaba Baltza ospatuko dute, urriaren 26an 17:45ean eskolatik aterako dira eta elizapean emanaldi txiki bat eskainiko dute musika eskolako ikaslerik gazteenek, trikitilari eta pandero jotzaileekin, kamara taldeagaz, folk taldeagaz eta zehar txirulako talde bategaz.
Azaroan, Santa Zezilia Eguna aitzakia hartuta, Euskal Herriko Musika Eskolen Federazioaren Musikalean ekimenagaz bat egingo dute. Eskolako txistulariek, Lekeitioko Itxaropena txistu taldeagaz batera, kalejira egingo dute arratsaldean. Aldatu ez dutena Gabonetako kontzertua izango da, “ekimen pisutsua” denez, laugarren ekintza bezala antolatuko dute. Abenduaren 19an, iaz bezala, bi saiotan banatuko dute emanaldie, lehenengoa 17:30etan txikienen emanaldia eta bestea 19:30ean, Andra Mari basilikan. “Hainbeste ikasleak parte hartzen dutenez jendetsuegia eta luzeegia izaten da batzuetan, beraz, bi emanalditan banatu genituen iaz lehen aldiz eta emaitza askoz hobea izan zen”. Horrez gain, berritasun modura, Etorkizuna dantza taldeak ere emanaldietan parte hartuko du.
Martxoaren 8a emakumeen eguna izanik, emakumea eta musika mahai ingurua antolatu dute martxoaren 1ean 17:00etan, musika eskolako areto nagusian.
Urtarrilaren 27an 12:00etan musika eskolako taldeek, hau da, musika tresna desberdinez osatutako taldeek, kontzertua eskainiko dute, Ikusgarri zinema aretoan. Rock, jazz, txistu, kamara eta folk bandek parte hartuko dute. Egutegiko egun handiekin jarraituz, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, eskolako abesbatzak koplak abestuko ditu kalerik kale.
Martxoko ekintza “bereziena” izango dela aurreratu dute. Martxoaren 8a emakumeen eguna izanik, emakumea eta musika mahai ingurua antolatu dute martxoaren 1ean 17:00etan, musika eskolako areto nagusian. Bertan, Maddi Txurruka tronpetista, Ane Legarreta orkestra zuzendaria, Nerea Quincoces perkusionista eta Irati Bilbao jazz kantaria izango dira. “Oraindik musika tresna batzuetako espezialistak gizonekin lotzen ditugu eta datuek ere hori erakusten dute, tronpeta, esate baterako, eta guk musikari emakumeengana jo dugu”. Azkue ikastolako eta Iturriotz institutuko ikasleek gaia landuko dute ikasgelan eta ateratako ondorioak eta galderak plazaratuko dituzte.
“Hilabete batzuk hutsak geratzen zaizkigu ohiko egitarauagaz eta horrela hilero egongo gara kalean”
Apirilekoa, berriz, ekimenik “garrantzitsuena” izango da urteroko Musikaia Egunagaz. Behar bezala ospatzeko, emanaldi “handiagoa” antolatuko dute. Apirilaren 26an plazan musika eskolako ikasleez gain, Itxaropena taldeak, Estudiantinak, Txarangak eta herriko erraldoien konpartsak ere parte hartuko dute. Hori gutxi ez, eta azken hilabeteetan lantzen dauden ereserkia estreinatuko dute. Maiatzaren 18an bestelako kolaboratzaileak izango dituzte. Nafarroako Aralar musika eskolako kideak Lekeitiora arte hurbilduko dira. “Iaz elkar truke bat jarri genuen martxan, iaz gu joan ginen Leitzara eta orain haiek etorriko dira”. 12:00etan kontzertua emango dute bi taldeek, Ikusgarrin. Azkenik, ohi legez, ekainaren 17tik 21era Musikaiaren aste musikala ospatuko dute. “Egunero emanaldi bat emango du herriko txoko desberdinetan”.
Atzeko lana. Hau guztia antolatzeko iazko ikasturtean jarri ziren martxan. “Musika eskola berria da, baina hamar urte zenbaki borobila da eta modu berezi eta polit batean ospatu nahi genuen. Hilabete batzuk hutsak geratzen zaizkigu ohiko egitarauagaz eta horrela hilero egongo gara kalean. Gainera, batzuk sekula egin ez ditugun ekimenak dira”.
“Identitatea hartzeko” hamarkada izan dela esan dute. “Hasierak ez dira inoiz errazak izaten, are gutxiago aurretik ezer ez dagoenean. Kultura eta ohitura hori falta zen Lekeition, inguruko herrietan musika eskolek historia luzeagoa baitute”. Lehen urtean 80 ikasle zituzten eta aurten 410. “Azken lau edo bost urteetan gainera jende heldu askok eman dute izena, musika eskolak ez direlako bakarrik umeentzako. Edonork egin ahal ditu musika ikasketak”.