III. Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatuko dute Ondarroan
Zapatuan [urriak 14] Etxeliletik aterako da Batukada eta kalejiran abiatu ostean, Itsasaurren egingo dituzte ospakizun guztiak.
Ekai gogoan izatea, aldarrikatzea eta elkarri babesa ematea. Hiru helburu indartsu ditu Ondarroa koloreztatuko duen Aniztasunaren Besarkada Egunak. Ekai Lersundi Martinezen gurasoek hirugarren urtez antolatu dute eta zapatuan [urriak 14] jarri dute hitzordua: 13:00etan, Alamedan.
“Ekai ez ahaztea lehenengo helburua da, baina badaude beste bi ere. Besarkadak ematea, falta egiten digu eta. Buruan sartu behar dugu laguntza behar dugunean besarkada batek asko ematen digula, gomendioak beharrean besarkadak eta babesa behar ditugu”. Egunari ukitu berezi bat emateko asmoz atera dituzten zapi koloretsuak lepoan jarri eta eguerdian Etxelilatik emango diote hasiera jaiari, Euskal Herriko Batukada feministaren danbor hotsekin batera egunari helduko diote.
Eguerdian egitea erabaki dute aurten, hain zuzen ere, arratsaldea baino egokiagoa dela iritzita: “Uste dugu jendearentzat errazagoa dela eguerdi inguruan hurbiltzea, arratsaldean baino. Jende mugimendu handiagoa egoten baita.”
Batukadak herria girotuko du eta Itsasaurreraino ailegatuko da, bertan egingo baitira ekimenak. Andoni Urkiza eta Josu Telleria txistularien doinuekin, hankak martxan jarriko dituzte Aitz Urkiza Iratz Urkiza eta Eñaut Markes Kamiña dantzariek. Ostean, Bertso eskolako bertsolarien txanda izango da eta jarraian Leire Caberok, Nahia Iparragirrek eta Amaia Caberok performancea eskainiko dute.
Hainbat ekimen antolatu dituzte, eta guztiak bideratzeaz eta egunari umore ukitua emateaz arduratuko da, hain zuzen ere, Besarkada zaindaria, Nerea Gartzia ondarrutarra. “Nerearen beraren ideia izan da zaindaria izatea. Bere umore ukitua emango dio eta oso gustuko dugu. Gainera, beharrezkoa izango da. Baina ez dakigu zer egingo duen zehazki, sorpresa da, baita guretzat ere”.
Eguraldiaren menpe. Eguraldiaren iragarpena kontuan izanda, bigarren aukera bat prestatu dute antolatzaileek: “Estututa gaude eguraldiari begira, hortaz, eguraldi txarra badago, Musika Plazan egingo da “.