Ager Solabarrieta eta Maite Badiola: "Egindako lanak bere fruituak eman ditu, eta oso pozik gaude"
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola ondarrutarrek bigarrenez lortu dute urrezko domina Munduko Tiro Txapelketan: lehiatutako bi probetan izan dira onenak.
Irailaren 22an eta 25ean, Liman (Peru) lehiatutako Munduko Tiro Txapelketan urrezko do- mina jantzi duzue, bigarren ur- tez jarraian. Zelan gogoratzen duzue momentu hura?
Ager Solabarrieta: Hunkigarria izan zen. Maitek ez zuen pantaila ondo ikusten, eta azkenengo tiroa txarra bota nuenez, ez genekien zelan geratu nintzen. “Doble World Champion…” esaten entzun genuenean konturatu ginen irabazleak ginela.
Maite Badiola: Bai… Lehenengo aldiz mundiala 2019an egin zen, Australian. Guk garai haietan Kroazian munduko errekorra egin genuen, eta finalean zilarrezko domina lortu genuen baina, hala eta guztiz ere, ez genuen diru laguntzarik lortu, eta ezin izan ginen joan. Arantza hor geratu zitzaigun, eta iaz kentzea lortu genuen.
A.S.: Aurtengoa ere hunkigarria izan da, ze txapelketa internazionalean nire lehenengo urrezko domina da, kostata lortutakoa.
Ibilbide luzea daukazue, baina noiz hasi zineten batera entrenatzen?
A.S.: 2005ean, nire lehenengo bizpahiru txapelketetara Maite ikustera bakarrik etorri zen. Ho- rietako txapelketa batean, orduan neukan gidariak ez ninduen ondo gidatu, eta Maitek, berak gidatzeko erabakia hartu zuen.
M.B.: Bai, eta horretan hasi ginenean, ni ez nintzen entrenamenduetara joaten, txapelketetara bakarrik. Zerbait falta zela sumatzen genuen, baina ez genekien ondo zer zen.
A.S.: Hori da, eta beraz, 2015 inguruan, buru-belarri entrenatzen hastea erabaki genuen.
M.B.: Bai, beharrezkoa da bere erreakzioak zeintzuk diren jakiteko eta elkarren arteko komuni- kazioa hobetzeko.
Honen atzetik lan asko dago, beraz: elkarren arteko lana, bion arteko komunikazioa…
A.S.: Bai, bai… Eta haserreak ere bai, noski!
M.B.: Bai, batez ere hasi ginenean! Kosta egiten zitzaigun entrenamendua eta etxeko bizitza banatzea, beraz, erabaki genuen entrenamenduetako kontuak bertan geratuko zirela, eta atetik irtendakoan, beste kontu bat zela. Horrez gain, iaz mindfulness egiten hasi ginen, eta horrek ere asko lagundu digu.
Txapelketetan ezin duzue elkarren artean berba egin. Zelan egiten duzue elkar ulertzeko?
A.S.: Mimika bidez. Nik gutxi ikusten dut eta, gainera betaurreko opaku batzuekin botatzen dut tiroa. Gutxi gorabehera jakin dezaket tiroa ondo bota dudan edo ez, baina Maitek esan behar dit gorago bota behar dudan, beherago… Besotik heltzen dit, eta heltzen didan tokiaren arabera badakit zenbateko tiroa bota dudan. Horregaz batera, lepoan markatzen dit ea goian, behean, ezkerrean edo eskuman jo dudan. Zenbat eta gehiago entrenatu, zeinu gehiago ditugu eta mimika hizkuntza ere aberatsagoa da.
M.B.: Horrez gain, Agerrek tiroa nora bota behar duen jakiteko, dianaren erdian argi infragorri bat emititzen duen makina bat dago. Karabina edozeinek erabiliko lukeena bezalakoa dauka, baina jarrita daukan mirak argia soinu bihurtzen du: zenbat eta erdirago apuntatu miragaz, soinua fintzen joaten da, eta erdian zaudenean, soinua aldatzen du.
A.S.: Nik neuk, sekulako poztasuna, batez ere, Maiteri eskaintzeko aukera ematen didalako horrek. Badakit egin duguna sekulakoa dela, baina gero konturatuko gara. Oraintxe bertan, ez gara kontziente lortu dugunaz, baina egindako lanak bere fruituak eman ditu, eta oso pozik gaude.
Ager, Maiteri eskaini zenion garaipena.
A.S.: Maitek lan handia egiten du… Zelan ez diot ba saria berari eskainiko! Jendeak ez du egiten duen lan guztia ikusten, baina asko da, dudarik gabe.
Egiten duzuen lan guztiagaz, aitortuta sentitzen zarete?
M.B.: Gure tiroko zirkuluan bai. A.S.: Bai, eta herri mailan, InĚaki Beitiaren bitartez ere bai. Asko zabaltzen du sare sozialetan, baina ez dauka zer ikusirik erramuagaz edo futbolagaz. Hemendik kanpora ezagutzen gaituzte, zoriondu ere bai… baina horrez gain, ez. Gu munduko txapeldunak gara, baina ez izatea bezala da.
M.B.: Bai, kirola bera gutxitua da, eta itsuena oraindik gehiago.
A.S.: Hala da baina, tira, norbera pozik geratzen da egindakoagaz.
Bidaia asko egin dituzue txapelketetara eta entrenamentuetara joateko. Diru laguntzarik jasotzen duzue?
M.B.: Ondarroako Udalak laguntzen digu eta baita Euskal Federazioak ere, baina gainontzeko guztia geure poltsikotik ordaintzen dugu. Iaz, itsuen federazioaren bitartez (FEDC) Europako Txapelketara joan ginen, eta baita mundialera ere, aurten bezala. Baina gainontzekoak gure kontura dira.
A.S.: Aurten Bizkaiko Foru Aldundiari laguntza eskatzen saiatu gara, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.
M.B.: Agerren kirola olinpiarra da, baina ez dago Paralinpiar Jokoetan oraindik. Susmoak ditugu aurten onartuko ote duten, eta onartuko balute, Basque Teameko beka lortzeko aukera edukiko genuke.
Aurrera begira, ze asmo duzue?
A.S.: Ametsa Paralinpiar Jokoetara joatea da, baina horretarako lehenengo kirol hau bertan onartu behar dute. Desberdina behar den bakarra da apuntatzeko sistema, argiarena, gainontzeko guztia berdina da.
Eta ze txapelketa datoz orain?
A.S.: Asteburuan FEDC kopa jokatuko dugu, Espainiako Txapelketarako sailkapena dena. Gu sailkatuta gaude, beraz, entrenamendu modura hartuko dugu. Ostean, azaroaren 18an, Espainiako Txapelketa egingo dugu, eta ea nola joaten den… Gabonetan geldialdi txiki bat egingo dugu, eta urtarrilean berriro topera hasiko gara entrenatzen, ekainean Europako Txapelketa pasa arte. Hurrengo urteko uda aurtengoa baino lasaiagoa izatea espero dugu.