Aniztasun besarkadez bete dute Ondarroa
Gaur [urriak 14] Ekai Lersundi Martinezen gurasoek hirugarren urtez antolatu dute Aniztasunaren Besarkada Eguna.
Ekai gogoan izatea, aldarrikatzea eta elkarri babesa ematea. Horiek izan dira Ekai Lersundi Martinezen gurasoek gaur [urriak 14] III. Aniztasunaren Besarkada Egunak izan dituen helburuak. “Beste urte batez, hirugarrena aurten, urte osorako indarrak eta animoak hartu ditugu, pilak topera kargatu ditugu”, azaldu dute gurasoek.
Batukadagaz eman diote hasiera egitarauari. Etxelilatik atera dira eguerdian eta eguraldiak euria mehatxatzen bazuen ere, ez du euririk egin eta nahi bezala egin ahal izan dituzte antolatutako ekimenak, itsasaurren. Gurasoak “urduri” zeuden hasieran, eguraldiaz beldur batez ere, baina gero lasaitzen joan dira. Elexar Lersundi Ekainen aitak malkoei eusteko gai izan da eta guzti.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Andoni Urkiza eta Josu Telleria txistularien doinu alaiekin eman diete hasiera omenaldiari. Dantzatzeko ardura Aitz Urkiza, Iratz Urkiza eta Eñaut Markes Kamiña dantzariek hartu dute. Txalo artean agurtu dituzte. Jarraian Leire Caberok, Nahia Iparragirrek eta Amaia Caberok performancea eskaini dute. Nerea Gartziak jarri dio umorea ekitaldiari.
Ekai Lersundi Martinezen gurasoak “oso pozik” amaitu dute eta besarkada “berezi asko” eman eta jaso dituzte. Aurreratu dute urtero egin nahi duten eguna dela Aniztasunaren Besarkadarena, “beharrezko” ikusten dutelako eta Ekai gogoratzeko ere balio duelako. Era berean, “bihotzez” eskerrak eman nahi izan dizkiete antolakuntza “debalde” lan egin dute guztiei eta itsasaurrera bertaratu diren herritar guztiei.