Finalaurrekoetara begira
Ligaxka amaituta Mugartegi eta Lejardi daude buruan. Barikuan [urriak 20] final aurreko partidak lehiatuko dituzte.
Frontoi bete jende batu du, berriz ere, Mutrikuko emakumezkoen zesta-puntako Elite Txapelketak. Zortzi puntistak hirugarren eta ligaxkako azken jardunaldia lehiatu zuten barikuan [urriak 13] Miruaitzen.
Merino eta Lizardik lehia bizia izan zuten Arakistain eta Watkinsekin, eta partida oso estua izan zen. Hain zuzen ere, azkenengo horiek hasieratik gailendu ziren partidan, baina dominatzen joan ziren arren, aurrez aurre zituzten uneoro Lizardi eta Merino, eta ondo eutsi zioten: 20-20 jarri zuten markagailua. Berdinketarekin apurtu eta aurrea hartzea lortu zuten, berriz ere, Arakistain eta Watkinsek: 24-20. Lehia bereziki estua joan zen eta lau puntistek erakustaldi ederra eskaini zuten, maila paregabearekin. Azkenenean 29-29ko markagailuarekin, bikote biek aukera berdinak zituzten partida lortzeko, baina puntu bat aurreratzea lortu zuten, Arakistain etaWatkinsek, partida bereganatuz. Lau puntistak maila izugarria erakutsi zuten, eta Lizardi mutrikuarrak bereziki partida borobila egin zuen.
Bigarren partidan, berriz, Ortiz de Mendibil eta Aldazabalek aurrez aurre izan zuten Mugartegi eta Lejardi. Markina-xemeindarrak bikote gogorra osatzen dute, elkar ondo ezagutzen dute eta nabaritu egiten da pilotalekuan. Hortaz, hasieratik nagusitu ziren eta partida guztiz dominatu zuten. Ortiz de Mendibileta Aldazbalek ez zuten etsi, dena eman zuten eta behin eta berriz ahalegindu ziren, baina 18-30eko markagailuarekin amaitu zen partida.
Frontoiak eskertu zituen erakustaldiak, eta asteroko joerarekin jarraituz, aurrekoan baino jende gehiago hurbildu zen Miruaitzera; harrera oso ona du txapelketak. Hortaz, finalaurrekoak begipuntuan izanik, horrela jarraitzea espero dute Danok Bat elkarteko kideek. Ligaxka amaituta aurrelarien artean Mugartegi dago sailkapeneko buruan, eta atzelarietn artean, berriz, Lejardi. Barikuan [urriak 20] final aurreko partidak lehiatuko dituzte, eta dena egongo da jokoan. Lehenengo partida Mugartegi/Lejardi eta Merino/Watkins izango da. Bigarrena, berriz, Arakistain/ Lizardi eta Ortiz de Mendibil/Aldazabal.