Itsas armada eta airezko bonbardaketak, Mutrikuko Oroimen Astearen erdigunean
Bihar [urriak 18] 'Gerra Zibila 36-39 itsasoz eta airez' hitzaldia eskainiko dute Saturraran Elkarteko kideek. Oroimen Egunak egitarau propioa izango du.
Ez ahaztea, ikertzen jarraitzea eta jasotakoa herriari erakustea. Helburu zehatzak finkatuta, Mutrikuko Saturraran Elkarteak Oroimen Astea abiatuko du bihar [urriak 18]. Aurten, itsas armada eta airezko bonbardaketak jarri dituzte erdigunean. Gaia abiapuntu hartuta osatu dute egitaraua.
Gerra Zibila 36-39 itsasoz eta airez erakusketa da aurtengo ekitaldiaren erdigunea. “Hasiera batean uste zen Mutrikun ez zela bonbardaketarik izan, baina bai izan ziren, bai itsasoz eta baita airez ere”. Baieztapen borobiletik abiatuta, elkarteak egindako lanketa erakusteko aukera eskaintzen du. Testigantzak jaso dituzte, prospekzio lanetan aritu dira eta ebidentziak jasota dituzte.
Bonbardaketen inguruko informazioa eskuragarri dago erakusketan, Zabiel kultur etxean eta urriaren 21era bitartean ikusgai egongo da.
Alde batetik, itsas gudariei buruzko atala jaso dute. Mutrikuko itsasontziak txalupa laguntzaile lanetan aritu baitziren. “Alde batetik itsasontziak ditugu, eta bestetik, marinelak. Batzuk izena eman zuten Eusko Jaurlaritzako itsas armadan, baina beste batzuk laguntzen aritu ziren inongo izen ematerik gabe. Testigantzetatik abiatuta nor, non aritu zen kokatu dugu”. Horrez gain, bi istorio konkretu landu dituzte, Kosme Ansorregi Egaña eta Domingo Barrenetxea Arrietarena. “Beraien ibilbidea aztertu dugu familiekin landuz eta artxiboaren laguntzarekin”. Hortaz, bonbardaketen inguruko informazioa eskuragarri dago erakusketan, Zabiel kultur etxean eta urriaren 21era bitartean ikusgai egongo da.
Erakusketan ikusgai dagoen informazioa testuinguruan jarri eta lanketan aritu direnen eskutik azalpenak jasotzeko aukera egongo da bihar, 19:00etan, Zabiel kultur etxean eskainiko duten hitzaldian. Saturraran elkartea osatzen duten lau kideak egongo dira; Agurtzane Urriolabeitiak sarrera emango dio hitzaldiari, Roberto Sotok prospekzio arduradunak bonbardaketei buruzko informazio emango du, ondoren, Nerea Arrizabalagak itsas gudariei buruzko testuingurua eskainiko du eta, amaitzeko, Arantza Ugartek pertsonai historikoen ibilbidea azalduko du.
“Gure altxorra da Saturraran, bertan izandako ume eta emakumeei merezitako garrantzia eman nahi diegu”
Ibilbide historikoa. 36ko gerraren testuingurua herrian kokatzeko asmoz, hirugarrenez antolatu dute ibilbide historikoa. Lehenengo aldiz landa eremuko ibilbidea egin zen, tropak nondik sartu ziren eta alderdi bakoitza non zegoen kokatzeko. Iaz, berriz, herriko ibilbidea egin zuten. “Arrakasta handia izan zuen iazko ibilbideak, gainera, herrian bertan izatean jendea hurbiltzea errazagoa izan zen. Amaieran jendea gogotsu geratu zen, eta galdezka zeuden, interesa sumatu genuen”. Hortaz, aurten, herriko ibilbidea errepikatzea erabaki dute.
Egitarauaren berezitasuna eta azkenenego ekimena Oroimen Eguna izan ohi da, urriaren 28an ospatuko dena. Saturraran Elkartearentzat berezia den eguna. “Gure altxorra da Saturraran, bertan izandako ume eta emakumeei merezitako garrantzia eman nahi diegu”. Hori dela eta, egunak merezi duen garrantzia izan dezan, egitarau osatua antolatuko dute, baina aurrerago jakinaraziko dute zein izango den zehazki.