Lekeitioko Denbora Bankuak eta Lagunkoia taldeak txakolinen ibilbidea antolatu dute
Eguaztenean [urriak 18] 17:30ean egingo dute bi ordu inguruko ibilbidea.
Lekeitioko Denbora Bankuak eta Lagunkoia taldeak elkarlanean, eta udalaren laguntzagaz, txakolinen ibilbidea ekimena antolatu dute. Hitzordua eguaztenean [urriak 18] 17:30ean jarri dute, Santa Elena ermitan. Sosoaga dolaretik aterako dira eta Pipas txakolindegian amaituko dute, bisita eginez eta txakolin dastaketagaz. Antolatzaileek aurreikusten dute ibilbideak guztira bi orduko iraupena izatea.
“Helburua da herriko altxorrak ezagutzera ematea eta Denbora Bankura zein Lagunkoi taldeetara partaide berriak hurbiltzea”. Horrez gain, Lekeition txakolinak izandako garrantzia nabarmendu nahi dute historian barneratuz. “Orain dela mende eta erdi bat, Lekeition 900.000 litro txakolin ekoizten ziren eta oso garrantzitsua zen industria horretan, hamazortzi zaindari egoten ziren mahastiak zaintzen eta Errioxako ardoa debekatuta zegoen besteak beste”.
Gaur egun, berriz, txakolin egile bakarra geratzen da, bisitatuko duten Pipas txakolindegia, hain zuzen ere. Eta horrek ere urtero 1.000 litro inguru egiten ditu. “Ibilbide honetan, Santa Elena baselizan dagoen Euskal Herriko egurrezko dolare handi eta ondoen mantentzen dena bisitatuko dugu. Pipasen mahastia ezagutzeko aukera izango dugu, bukaeran ondare den txakolina dastatzeko aukera ezin hobea egongo da”. Azkenik, gogoratu dute ez dela izena eman behar eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.