Lekeitioko EAJk "erabakiak hartzea" eskatu dio EH Bilduren udal gobernuari
100 egun bete dira udal gobernua osatu zenetik eta jeltzaleek esan dute “ustezko hausnarketa asko eta erabaki zehatz gutxi” hartu dituztela.
100 egun bete dira EH Bildu Lekeitioko udal gobernuan sartu zenetik eta EAJk lehen balorazio bat osatu du. “Hauteskunde kanpainan behin eta berriro eskatu zuten aldaketaren beharra” orain arte ikusi ez dutela esan dute: “Zoritxarrez, ustezko hausnarketa asko eta erabaki zehatz gutxi EH Bilduren udal gobernuaren partetik”.
Hain zuzen ere, legealdi planik edota datozen lau urteetarako bide orririk ez egotea salatu dute. “Hauteskunde kanpainan ez genuen ezagutzen eta oraindik ez daukagu agintaldiko proiektuen berririk”. Horrez gain, adierazi dute udalaren Osoko Bilkurak egiteko aldizkotasuna eta batzorde informatiboen sorrera eta osaketa berdin mantentzea proposatu duela udal gobernuak. Jeltzaleek bi irakurketa egiten dituzte: “Azken urteetako EAJren modeloak ondo funtzionatu izan duela edota EH Bilduren udal gobernuaren partetik inprobisazioa dela nagusi”. Gaineratu dute batzorde informatiboetan parte hartzeko deialdi zabala egin gabe dagoela eta herritarrak ezin dutela bertan izena eman.
Oposiziotik “arduraz” jokatuko dutela esan dute betiere “herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean eragin zuzenena duten eskaerei erantzuna ematen laguntzeko”. Elkarrizketarako prest daudela berretsi dute. Adibide moduan jarri dute udaleko kideen liberazio eta soldaten inguruko aldeko bozka eman izana. “Uste dugu badagoela zeregina Udalean. Lan eta proiektu asko daude aurrera atera behar direnak Lekeitiok martxan jarraitu dezan eta ezinbestekoa da udal ordezkariek ere horretarako dedikazio esklusiboa izatea”.
Horregatik “harrituta” agertu dira Ander Aldazabalek udal zereginetarako dedikazio esklusiborik ez izatea, “ alkate izateak eskatzen dituen ardura eta betebehar guztiak kontutan izanik”. Hala ere, esan dute denborak erakutsiko duela “beharrezkoak” diren EH Bilduren bi liberazio osoak eta alkatea suhiltzaile izaten jarraitzeko erabakia.
Azkenik, EAJ gogoratu du haien helburua dela oposizio “eraikitzaile, zorrotz eta irmoa” praktikatzea: “Orain EH Bilduren udal gobernuari dagokio erabakiak hartzea eta behin eta berriro aldarrikatzen dituen parte hartzea, lankidetza, gardentasuna eta politika egiteko beste modu bat ekintzekin erakustea”.