Uzuri Albizu Mallea: "Burmuin arrosak eta urdinak daudela pentsatzen jarraitzen dugu"
Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta 'Matematika, Hezkuntza eta Generoa gurutzatzen diren lekuak: Kartografia Bat' hitzaldia eskainiko du Munitibarko Uzuri Albizu Mallea adituak urriaren 23an [astelehena], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Matematika eta maskulinitatearen arteko lotura landu duzu, zein izan da lan ildo nagusia?
Matematikaren eta maskulinitate hegemonikoaren arteko loturetan sakontzeko, filosofia izan da nire abiapuntuetako bat, zehatzago esateko, epistemologia. Azken hamarkadetan, epistemologo feminista askok argudiatu dute zientziak lotura historikoak dituela genero-sistemekin, eta, beraz, zientzia ez dela neutrala, objektiboa eta unibertsala, baizik eta soziala, subjektiboa eta partziala. Nik argudiatu egingo dut genero-sistemekin hartu eman horiek gertatzen direla matematikaren kasuan ere.
Historiak ere lagundu dizu matematikaren eta maskulinitatearen arteko loturetan sakontzen.
Bai, eta horretarako, matematikak modernitatearen eraketan izan duen paperaren inguruan hitz egingo dut, modernitateak berekin ekarri zuelako inguru natural zein soziala kontrolatzeko grina, eta horrek ekarri zuen, era berean, teknozientziak eta, bereziki, matematikak sekulako garrantzia hartzea bai gizartean bai eskolan. Ondorioz, matematikak, gaur egun, lotura sendoak ditu historikoki maskulinoak diren zenbait balio eta ezaugarriagaz: progresuagaz, kontrolagaz, lehiakortasunagaz…
Zientzia soziala, subjektiboa eta partziala dela argudiatu dute epistemologo feminista askok.
Matematika-hezkuntza oinarri hartuta, genero estereotipoak zeintzuk dira?
Matematikagaz lotutako genero estereotipo pila bat daude. Horietako askoren jatorria XIX. mendea da, garai hartan klase ertaineko feminitateagaz lotutako ideal berriak garatu zirelako, heteropatriarkatuan eta sexismoan sustraituta zeudenak eta emakumeek eginkizun zientifikoetan parte hartzeko trabak jartzen zituztenak. Ideal horiek diskurtso zientifikoa zuten oinarri; izan ere, garaiko mediku eta zientzialarien arabera, matematikan hezteak emakumeen buru, gorputz eta, batez ere, erreprodukzio sistemak kaltetzea ekarri zezakeen.
Nesken eta mutilen arrakastak eta porrotak desberdin irakurri ohi dira
Diskurtso zientifiko horiek iraungi egin ziren?
Bai, baina horiei lotutako genero estereotipo askok indarrean jarraitzen dute egun. Adibidez, gurasoek eta hezitzaileek joera daukate pentsatzeko mutilak hobeak direla matematikarako naturaz, eta mutilen gaitasuna gehiegi balioetsi ohi dute, eta neskena, aldiz, gutxietsi. Horrez gain, nesken eta mutilen arrakastak eta porrotak desberdin irakurri ohi dira: neskak matematikan arrakasta lortzen dutenean langiletzat hartzen ditugu, eta mutilak, berriz, adimentsutzat. Eta neskek, porrot egiten dutenean, adimen gabeziaren ondorio dela uste dugu, mutilen kasuan, berriz, nagikeria dela. Finean, burmuin arrosak eta urdinak daudela pentsatzen jarraitzen dugu, nahiz eta neurozientzian ikerketa asko dauden uste hori gezurtatzen dutenak.
Neskak sei urterekin hasten dira nesken eta emakumeen adimen gaitasuna gutxiesten. Sinesmen hori ikasia da eta, beraz, alda daiteke.
Zein eragin dute ikasgelan?
Horren guztiaren eragin bat da neskek beraien burua gutxietsi ohi dutela adimen gaitasunari dagokionez, eta mutilek gehiegi balioetsi. Horri lotuta, ikerketa batean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeei adimentsua den norbait marrazteko eskatu zieten. 4-5 urteko umeen marrazkietan, norbait horrek ez zeukan generoagaz lotutako ezaugarririk, baina 6 urtetik aurrera, marraztutako pertsonek ezaugarri maskulinoak zituzten. Gainera, ikusi zuten uste estereotipatu horrek nesken matematikarekiko interesa gutxiagotzea zekarrela. Ikerketa horrek bi gauza adierazten ditu: batetik, neskak sei urtegaz hasten direla nesken eta emakumeen adimen gaitasuna gutxiesten eta, bestetik, sinesmen hori ikasia dela eta, beraz, aldatu daitekeela.
Porrota zigortu egiten da?
Hutsegitea edo porrota saihestu beharreko zerbait legez hartzen da matematikan, eta askotan zigortu egiten da. Hori bereziki kaltegarria da neskentzat, genero sozializazioa dela eta, txikitatik ikasten dugulako perfekzioa adierazi behar dugula. Horri aurre egiteko, garrantzitsua da hutsegiteagaz edo porrotagaz lotutako esperientzia didaktiko positiboak edo, behintzat, ez negatiboak eskaintzea matematika ikasgelan. Zaurgarritasunari leku egitea.
Maskulinitatea eta matematika historikoki lotuta egon dira.
Uste dut lotura horrek bere horretan jarraitzen duela, eta adierazle argi bat da STEM diziplinekin lotutako ikasketak egiten dituztenen gehiengoa gizonezkoak direla. Matematikaren eta maskulinitatearen arteko lotura historikoak apurtzeko edo, behintzat, leuntzeko, integrazioan, produktibismoan, inertzia maskulinoetan, lehiakortasunean eta abiadura testetan oinarritutako matematika hezkuntza batetik inklusioan, plazerean, emozioen lanketan, gertutasun politiketan eta zaurgarritasunaren aitortzan oinarritutako matematika hezkuntza batera pasatu behar gara.