36ko gerrako toki esanguratsuenak ezagutzeko ibilbidea, Mutrikun
Guztira 25 lagun inguruk egin dute Saturraran Elkarteak antolatutako ibilbide historikoa, 1936ko gerran Mutrikun egon ziren kokaleku esaguratsuenak ezagutzeko.
Saturraran Elkarteak antolatu duen Oroimen Astea aurrera doa, eta gaur [urriak 21] ibilbide historikoa egin dute Mutrikuko kaleetan barrena. 11:00etan Goiko Plazan elkartu dira elkarteko kideak eta 25 herritar inguru, “1936ko gerra garaian Mutrikuko herrigunean egon ziren kokaleku esanguratsuak” ezagutzeko asmoz.
Ibilbidea aberasteko eta hainbat herritarren testigantzak entzuteko asmoz, eskuorri bat banatu dute elkarteko kideek. Bertan, ibilbidean ikusi eta azaldu dituzten puntu esanguratsuenak mapa batean jasotzeaz gain, Ahotsak.eus orrialdeko mutrikuarren testigantzen ahotsak entzuteko QR kodigoak ere jarri dituzte.
Guzti hau borobiltzeko, Saturraran Elkarteko Arantza Ugartek eman ditu azalpenak. Hori gutxi ez, eta hainbat herritarrek ere beraien oroitzapen eta bizipenak partekatu dituzte gainontzeko herritarrekin. Goiko Plazan elkartu, eta Andra Mariaren Jasokundearen elizpea izan da lehen geldigunea, nazionalen babeslekua ezagutzeko: Sinboako babeslekua, hain zuzen ere. Herriko kaleetan barrena sartu aurretik, Goiko Plazan geldiunea egin, eta karlisten egoitza zein zen ezagutu ahal izan dute herritarrek: “Errepublikanoen egoitza Margarineko jatetxearen ondoan zegoen; abertzaleena Ametza Tabernan; karlistak Kulixka gainean zeuden eta Emakume Abertzaleak Tranpa kalean”.
Goiko Plaza atzean utzita, hurrengo geltokia Arrietaneko Jauregia izan da. Bertan, soldadu italiarrak egon omen ziren, eta horren berri ematen du Rosario Arrizabalaga mutrikuarraren testigantzak ere. Erdiko kalera jaitsi, eta 10. zenbakiko eraikina izan da hurrengo geldialdia: “Nazionalak lehenengo eta erreketeak eta soldadu italiarrak gero, irailetik otsailera geratu ziren Mutrikun. Garai hartan Luxioneko etxean zeuden eta polborina deitzen zioten”. Urrutira joan gabe, hurrengo toki historikoa Erdiko kaleko 12. zenbakia izan da: bertan kartzela zegoen eta zaintzaleak herrikoak izaten ziren.
Erdiko kalean behera jarraituz, Zabiel Jauregiko kontuak batzen ditu Pepita Larrañagaren testigantzak: gaur egun kultur etxea dena, garai batean ekonomatua izan zen, eta baita intendentzia ere. Erdiko kaletik Beheko Plaza ingurura jaitsi, eta “zentro errepublikanoa” zein zen ezagutu dute herritarrek. Jarraian, Benedikta Olazabalen ahotsaren bitartez, bere etxera II. Mundu Gerratik ihesi zebilen soldadu alemaniar bat sartu zeneko momentua entzun ahal izan dute. Beheko Plazan berriz, “nazionalen zigorrak” zeintzuk ziren jakin dute herritarrek, eta baita Zapateroneko etxea errekisatu egin zutela ere.
Beheko Plazatik Atxukalera, aurtengo aurkikuntzaren inguruko nondik norakoak jakin ahal izan dituzte herritarrek: “Jakin dugu Atxukale azpian dagoen baratza honetara bonba bat bota zutela, eta oraindik ez omen du inork bonba bertatik atera”.
Ibilbidearen amaiera aldera iritsita, gaur egun Hogar del Marinero elkartea dagoen tokian alondegia zegoela azaldu du Ugartek. Tokitik mugitu gabe, pareko eraikinera begiratu eta Emakume Abertzaleen egoitzari buruzko azalpenak entzun dituzte herritarrek Pepita Larrañagaren ahotsean.
Azken geltokia moila izan da, eta bertan garai hartako mutrikuarrak imaginatu, eta emakume eta umeak ihesika irudikatu dituzte, Benedikta Olazabalen testigantzaren bitartez.
Oroimen eguna. Ibilbide historikoagaz amaitu dituzte aste honetako lanak, baina datorren zapatuan [urriak 28] Oroimen Eguna ospatuko dute Saturraranen, 12:00etan.