Jokin Arbek eta Mikel Manzik lortu dute Winter Serieserako azken txartela
Atzo [urriak 23] 15-12 eta 15-13 hartu zituzten mendean Cosme Agirre eta Ruben Bailo Pro-Am txapelketako finalean, Zumaian. Elastiko laranjagaz B multzoan ariko dira markina-xemeindarra eta mutrikuarra.
Guztiz zehaztuta dago Gernika-Lumoko Winter Series txapelketa. Jokin Arbe eta Mikel Manzi bikoteak jantziko du erabakitzeke zegoen azken elastiko laranja. Markina-Xemeindarrak eta mutrikuarrak atzo [urriak 23] jokatu zuten Pro-Am txapelketako finala Cosme Agirre eta Ruben Bailoren aurka, Zumaian.
Partidaren zati handienean aurretik izan dira gorriak baina neurketa berdindua izan da, emozioa handia izan du eta azken unera arte tentsio handia. Lehen seteko atsedenaldira aurretik iritsi dira Agirre eta Bailo (5-8). Atzelari nafarrak maila ona erakutsi du beste behin eta atzelari mutrikuarraren hutsegiteak baliatu dituzte agintea hartzeko. Orduan, Arbek erantzukizuna hartu du eta hamaikana berdindu ondoren, gorriek gehiago asmatu dute aurrean eta 15-12 amaitu da lehen seta.
Bigarrenean 6-3 jarri dira aurretik Arbe eta Manzi. Partida hautsi zitekeela zirudien, baina urdinek ez dute etsi eta 8-8 berdindu dute Zumaiako aurrelariak eta Noaingo atzelariak. Aurretik ere jarri dira (8-9 eta 11-12). Markagailua alde zutela, sake falta egin du Cosmek (12-12) baina azken berdinketa bat ere izan da, hamahiruna. Urduritasun handia bizi izan da partidaren azken zati horretan eta huts batzuk ere izan dira. Edonola ere, lehen setan bezala, ziurtasun gehiago erakutsi dute momentu horietan gorriek eta 15-13 bukatu da partida.
Onenekin. “Ondo merezita” eskuratu dute zortzigarren plaza desiatua Markina-Xemeindarra zein mutrikuarra “oso pozik” agertu dira zesta-puntako txapelketarik handiena jokatzeaz: Arberentzat bigarrena izango da lehendabizikoan jokatu baitzuen eta Manzirentzat lehenengoa. Arbek eta Manzik B multzoan lehiatuko dute Johan-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea eta Laduche-Gorka bikoteekin batera.